Abisu horia ezarri du segurtasun sailak bihar eta etzi
Euria erruz eta etengabe bota dezakeela 36-48 orduan aurreikusi du segurtasun sailak, eta horrek, Kantauri isurialdean 24 orduan 60-80 litro metro kuadroko pilatzea ekar dezakeela bihar eta etzi artean.
Bihar eta etzi artean euria erruz eta etengabe 36-48 orduan bota dezakeela aurreikusi du Segurtasun Sailak, eta horrek, Kantauri isurialdean 24 orduan 60-80 litro metro koadroko pilatzea ekar dezakeela iragarri du. Hala, abisu horia ezarri du biharko (asteartea) 12:00etatik etziko (asteazkena) 00:00ak arte, eta herritarrei tentuz jokatzeko eskatu die, euri jasa handia aurreikusia baitute. Aldaketa esanguratsuak izan daitezkeela eremu batetik bestera ere esan du, eta horien berri unean-unean eskainiko dutela jakinarazi.
Euskalmeten arabera, bihar egunaren bigarren zatian Gipuzkoan euri gehiago egingo du, eta metro koadroko 20-40 litro pila daitezke; Bizkaian, berriz, metro koadroko 15-30 litro pilatzea aurreikusi du Euskal Meteorologia Agentziak. Asteazkenean, berriz, Bizkaian egingo du euri gehien egunaren bigarren zatian. Kantauri isurialdeko zenbait puntutan metro koadroko 60 litro baino gehiago egin ditzakeela esan dute.
Euskalmeten iritziz, prezipitazio ugari eta etengabeak atmosferaren goi geruzetan haize hotza sartzerakoan gertatuko dira, “horrek DANA sortuko du lehenik (atmosferaren Goi Mailatan Depresio Isolatua), eta ondoren erauntsia azalean. DANA horren kokapena, ibilbidea eta forma zehazteko zailtasunak daudela eta, eguraldiaren iragarpenaren eguneratzeak Euskalmeten webgunean eta twitter kontuan jarraitzeko eskatu dute. Ostegun arratsaldetik, egoera egonkortzen hasiko da.