Etxeratzeko garaia da
Sarek dinamika abiatu du larri gaixo dauden presoen egoera gizarteratzeko. Azaroaren 15ean helduko da Errenteria-Oreretara, Mikel Arrietaren aldeko sarea osatzeko.
Sare Herritarrak dinamika berria jarri du martxan. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen egoera kontuan hartuta, ezinbestekotzat jo du gizartea eta eragileak aktibatzea, preso horien egoera gizarteratzea irtenbide bat emateko. Duela astebete aurkeztu zuen dinamika, eta pasa den ostiralean bertan jarri zuen martxan. Horren barruan, hiru hilabetean zehar anbulantzia bat ibiliko da Euskal Herrian barrena larri gaixo diren presoen egoeraren gaineko informazioa zabaltzen.
21 euskal preso dira egun gaixo larri daudenak, horietako bi, Errenteria-Oreretakoak: Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta. Espetxealdi arinduan da Gogorza pasa den apiriletik, eta beraz, zigorra etxean betetzen ari da. Arrieta, berriz, Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean aurkitzen da, etxetik 1.100 kilometrora.
Anbulantzia azaroan helduko da Errenteria-Oreretara, 15etik 17rako asteburuan. Josu Galarraga Sareko kideak larri gaixo dauden presoek etxean izan behar dutela esan du, edo gutxienez etxetik hurbil dauden espetxeetan, «sentsibilizazio kanpaina da, larri gaixo dauden euskal presoen egoera ikustarazteko eta horretarako anbulantzia baliatuko dugu. Utzi egin digute, eta larri gaixo diren presoen herriak eta eskualdeak zeharkatuko ditu. Hori izango da gure eskualdearen kasua, udalerrian izango da, baina baita Lezon eta Oiartzunen ere».
Espetxealdi arindua
Galarragak larri gaixo diren euskal presoentzat espetxealdi arindua eskatzen dutela nabarmendu du, «Mikelentzat [Arrieta] ere hala eskatzen dugu. Beraientzat asko suposatzen du horrek, ingurune naturalean eta senide nahiz lagunek inguratua izatea suposatzen du, baita konfiantzazko medikuekin egoteko aukera izatea ere, tratamendu egokia jasotzeko eta gaixotasunari aurre egin ahal izateko». Espetxean konfiantzazko medikuen jarraipena izatea ezinezkoa dela dio Galarragak, «helburua hori da: gaixoak tratamendu egokia, egokia den ingurunean jasotzea».
Preso dagoela ahaztu gabe, zigorra etxean betetzen ari da Gogorza. Konfiantzazko medikuek egiten diote jarraipena eta medikazioa uneoro doitzea dute bere beharretara. «Lorpen» horren atzean Sare Herritarraren lana dago, baina batez ere herritar eta eragile sozial, sindikal eta politiko askoren urte luzeetako jarduna, «hori izan da gure eginbeharra, ahalik eta jende ezberdinarengana heltzea, elkarren ondoan jartzea, sentsibilitate politiko ezberdina duten pertsonengana iristea, eta beraiek gure eskakizunekin bat egitea».
Konplizitate handia lortu dutela sektore ezberdin askotan aitortu du Sareko kideak, «hasiera batean ez genuen espero halako erantzunik, jende ugariren lana izan da». Inplikazio hori lortzeko gakoa, berriz, «ezberdinengana jotzea, jende askorekin egotea, hitz egitea» izan dela dio. Sare dispertsioarekin hasi zela lanean, eta gerora beste arloetara egin duela jauzi nabarmendu du: «Larri gaixo dauden presoak, motxiladun umeak… Sare jaio zen arlo ezberdinetan konplizitateak saretzeko presoen gaiaren inguruan. Ulertzen dugu hori dela lorpenak izateko modu bakarra gai honetan, aurrera urratsak egiteko berme bakarra».
Arrieta ere etxera ekartzeko herritarrak ezinbesteko izango direla nabarmendu du Galarragak, «babestea, gaiaren gainean hitz egitea, zabalkundea ematea dagokigu bakoitzari, eta ahal dugun neurrian hondar alea jartzea, deialdiekin bat eginez edota ideia berriak proposatuta».
Azken horri arreta berezia jarri dio oreretarrak, eta aitortu du izugarri gustura hartzen dituztela norbanakoek edota eragileek egindako proposamenak, «beraien ideiekin ekarpenak egitea izugarria iruditzen zaigu. eta asko dira euskal presoek, kasu honetan larri gaixo direnek kultura edota kirol eragileek antolatu dituzten iniziatibak bizi dituzten eskubide urraketak argitara ateratzeko».
Ez dutela pribilegiorik eskatzen dio, ezta salbuespenik egitea ere euskal presoen kasuan, «legea betetzea baizik. Zaila dirudi, ordea, eta argi dago alderdi interesak daudela horrela ez egiteko. Aitzol, Mikel eta larri gaixo dauden beste presoen egoera edota dispertsioaren atzean mendekua dagoela argi dago. Interes politikorik ez dagoelako luzatzen dira halako egoerak». Horri aurre egiteko, eraldatzeko, presio soziala, kontzientziazioa, eta aldaketa soziala ezinbestekotzat jo ditu Galarragak.
Arrietak bizi duen egoerara itzulita, garrantzitsua litzatekeela bigarren gradurako bidea zabaltzea uste du Sareko kideak, «lehen graduan sailkatuta dago eta progresioa egiteak erraztuko luke ziurrenik bestelako egoerak ematea. Uste dugu Euskal Herriko espetxe batera hurbilduta bere egoerak hobera egingo lukeela».
Batzar irekia, 29an
Dinamika berriaren gaineko informazioa zabaltzeko batzar irekia antolatu du Sare Herritarrak Xenpelar Etxean hilaren 29an (asteartea), 19:00etan. Azken hilabetetako balantzea ere egingo dute, «gure analisia plazaratuko dugu bertan, eta aurrera begirako dinamikak ere, bertaratzen diren norbanako eta eragileekin partekatzeko. Jakina, bertaratzen direnen ekarpenak ere jaso nahi ditugu».
Aurretik beste hitzordu bat egin du Sare Herritarrak. Hilaren 26an, larri gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa antolatu du. Basauriko kartzelatik abiatuko da, 13:00etan.
21 euskal preso gaixotasun larri eta sendaezinekin
Une honetan 247 euskal presok osatzen dute EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa. Horietatik bost baino ez daude Euskal Herrian: bat Zaballako kartzelan, beste bat Besarkada zentroan, eta gainontzeko hirurak espetxeratze arinduan.
205 Espainiako Estatuko espetxetan aurkitzen dira, eta 37 Frantziako Estatuko kartzeletan. 33 emakumeak dira (26 Espainiako Estatuko kartzeletan, eta 7 Frantziako Estatukoetan) eta lauk dute haurra berekin espetxean. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira, kolektibo osoaren %8,5.