Lau ibilgailu, Saharako kanpamenduetara
Saharako errefuxiatuei ibilgailuak emateko laguntza proiektuan lehenengoz hartu du parte udalak, eta emandako lau ibilgailu horiek udaltzainek erabiltzen ez zituztenak dira; orain, kanpamentuetan berrerabiliko dituzte.
Garabi bat, furgoneta bat eta bi moto. Hori da Errenteriako Udalak Saharako errefuxiatuei egin dien azken ekarpena laguntza humanitario gisa. Zehazki, Arabako SEADen Lagunen elkarteari eman dizkio Fronte Polisarioaren bide, Tinduferako ibilgailuen hurrengo karabanan parte hartzeko.
Saharako errefuxiatuei ibilgailuak emateko laguntza proiektuan lehenengoz hartu du parte udalak, eta emandako lau ibilgailu horiek udaltzainek erabiltzen ez zituztenak dira; orain, kanpamentuetan berrerabiliko dituzte. Une hauetan ari dira antolatzen karabana; Alacanterantz (Herrialde Katalanak) abiatuko da eta bertatik, itsasontziz Aljeriako Tindufera helduko da. Tindufen Gurutze Gorriaren bidez banatuko dira ibilgailuak, zaharren egoitzan, osasun etxean, protokoloan edo bestelakoetan erabiltzeko.
Horretaz gain, Udaltzaingoak erabili gabe zituen 98 kamiseta eta kapela ere eman dizkie.