Ur zikinak atzean utzi ezinik
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira EBk saneamendu azpiegituren zuzentaraua esleitu zuenetik,baina Pasaiako badian hondakin urak tratatu gabe hartzen dituzten guneak daude oraindik.
Pasaitarrek badakite zer den utzikeria pairatzea, Pasaian gertatutakoak ez dira herri guztietan gertatzen. Beste era batera esanda, leku batzuetan jasanezina dena jasan behar dute pasaitarrek. Kutsadurarena adibide paradigmatikoa da; arazo kroniko bihurtu baita.
Kutsadura kasuak aldika gertatzen dira, herritarrak haserretzen dira, salaketak egiten dira eta egunak aurrera egin ahala, afera ahaztu egiten da. Prozesua behin eta berriz errepikatzen da. Pasaiako Udaleko zinegotzi Nahikari Oterminek ez du ezkutatzen gertakari hauek herritarrengan dituzten ondorioak, «isuriek, hautsek edo zaratek, denak du eragina. Ondorioak ahalik eta samurrenak izateko egin beharko dugu lan». Aipatzeke dago nola samurtu ondorio horiek.
Irailaren 24ean Trintxerpeko bizilagunek legez kanpoko isurketa baten berri eman zuten. Trintxerpeko kaiko urak zuriz tindatu ziren, Txingurri errekan egindako isuri kutsakor baten ondorioz. Donostiako Altza, Larratxo eta Herrera auzoen ur hondakinen parte bat eramaten du Txingurrik, eta zuzenean Pasaiako badiara botatzen ditu. Egoeraren larritasunaren aurrean, Pasaiako Portu Agintaritzak neurriak hartu zituen, isuria gelditzeko ur barrera bat jarriz. Pasaiako Udala dagoeneko kexu agertu da Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, «erakundeen arteko mahaian gai hau ezaguna da eta erakunde ezberdinak honi irtenbidea eman nahian ari gara»,esan du Oterminek.
Altza, Larratxo eta Herrerako ur zikinen parte bat eramaten du Txingurrik
Lau egun geroago, irailaren28an, Donibanen beste isurketa bat salatu zuten; orduan urak marroi kolorea hartu zuen Bonantza inguruan. Biak ala biak kasu larriak izan ziren eta herritarren haserrea eragin zuten, baina oraingoz ez dago bestelako informaziorik, inork ez daki zer zen ezta nor den isurien erantzule ere. Eguzki Talde Ekologistak idatzi bat zuzendu zion URA Uraren Euskal Agentziari kargu hartzen, baina erantzunik jaso ez dutela azaldu du Karlos Murua Oarsoaldeko Eguzkiko kideak, «botatakoa zer zen jakitea eskatu dugu. Baina beti bezala prozedura hauek gehiegi luzatzen dira. Ez dakigu zer den zehazki Trintxerpera iristen dena, baina ez da arazo berria, duela urte asko errepikatzen den arazoa baizik».
Badiako puntu beltzak
Iraileko bi isuriek saneamenduarekin zuzeneko harremana izan ez arren, aspaldiko afera bat plazaratu dute berriz ere, badiara iristen diren ur-hondakinena alegia.
Gaur egun Pasaiako badian saneamendu azpiegiturarik gabeko hiru gune geratzen dira. Hau da, ur fekalak inongo tratamendurik egin gabe isurtzen diren hiru gune geratzen dira badian. Horietako bi, Pasaiako eremuan daude, Trintxerpen eta Donibanen. Trintxerpen, berez, ez dago saneamendu azpiegituren arazorik. Txingurri errekak eramandako hondakin urak dira Hospitallilora iristen direnak. Erreka txikia izan arren, Altzako ur zikin asko biltzen ditu eta lurperatutako ubide — jende askok ezagutzen ez duena— baten bidez kaira iristen dira, piraguak ureratzen diren ontziralekutik metro eskasera.
Negozio txarra da trintxerpetarrena, sortu ez dituzten ur zikinak jaso behar dituzte. Eta arazorik balego, ondorio larrienak haiek pairatuko lituzkete zalantzarik gabe.
Donibanen alde zaharreko ur zikinak itsasora botatzen dira zuzenean
Donibaneko kasua, «are eta larriagoa» da Karlos Murua ekintzailearen aburuz, finean kaka zuzenean uretara botatzen baita bertan. Alde zaharreko hodi guztien hondakin urak zuzenean itsasoan isuri egiten dira oraindik ere. Nahikoa da zenbatzea alde zaharrean bizi den jende kopurua, eta haien behar fisiologikoen maiztasuna aintzat hartzea, arazoaren tamainaz ohartzeko. Kontutan hartu behar da, gainera, Donibanera joaten diren turista askok, oparitxoa ere uzten dutela. Postaleko herriak xarma galtzen du, inguruko urak mokordoz beteta daudela pentsatzean. Herritarrek hamarkadak eman dituzte konponbide bat eskatzen, baina Pasaian ohikoa den moduan, konponbidea ez aurrera ez atzera dabil.
Donibaneko orografiak, herriaren hazkundea baldintzatu du historikoki eta edozein obra zaildu egin du, baita saneamenduari dagozkionak ere, «Donibaneko kasuan, saneamendu obrak oso-oso konplexuak dira.URA agentziarekin elkarlanean ari gara. Proiektua itxita dago eta obrak lehenbailehen hastea gustatuko litzaiguke. Baina oroitarazi behar dugu, eskumena ez dagoela udalaren menpe», nabarmendu du Nahikari Oterminek.
Eguzkin zailtasun horiez jakitun dira, baina Muruak gogora ekarri du obrak 2011an bukatzeko konpromisoa hartu zutela hainbat erakundeek, «2007 eta 2011 bitarte Gipuzkoako azpiegitura hidrauliko gehienak egokitu ziren, baina Donibanen ez zen ezer egin. Modu batean ala bestean atzeratu egin dituzte obrak».
Hirugarren gunea, Oiartzun ibaiaren bokalea da. Hainbat erreketako urak biltzen ditu Oiartzun ibaiak, baina horien artean Errenteria-Oreretako Pekin edota Arramendi da saneamendurik gabeko urak garraia ditzakeen errekastoa. Pontika zeharkatzen du Pekin errekak, eta zentrora hurbildu ahala, lurperatutako ubide batean sartzen da eta Iztieta auzoan uzten ditu bere urak, Oiartzun ibaiaren bokaletik gertu. Nahikoa da Pekin errekaren bukaeran biltzen diren korrokoiei begiratzea, bertakoa iturri bateko ura ez dela jakiteko. Azken urteetan obra garrantzitsuak egin diren Pasaiako badia eutrofizazioa jasan dezakeen «gune sensiblea» da URA agentziak du badian saneamendu obrak egiteko eskumena arren, hainbat lekutan tratatu gabeko urak har ditzakeela uste dute ekologistek.
Pasaiako badia eutrofizazioa jasan dezakeen «gune sensiblea» da
Azken asteetan, Pekin erre-kan gertatutako bi isuriren berri izan dute Eguzkin, eta dagoeneko eskatu dute gaiari buruzko informazioa nahiz analisien emaitzak, baina berriz ere, ez dute erantzunik jaso. «Nazkatuta» daudela dio Errenteriako ekintzaileak.
Badiaren inguruan bizi diren herritarrak ohituta egoteak, ez du esan nahi ondorioak ez daudenik, izan ere, hainbat hamarkadetako neurri gabeko isurketek, badiaren ekosistema nabarmen kaltetu dute. Eutrofizazioa kalte horietako bat da. Ongarriak edota bestelako hondakin organikoen nutrienteak ibai eta itsasora iristean, algak neurririk gabe hazten dira uretan. Alga horiek uran dagoen oxigeno gehiena hartzen dute, eta ondorioz, oxigeno faltak arrain, itsaski eta bestelako landareei kalte egiten die. Egunotan hedabide guztietan agertu dira Murtziako Mar Menorreko irudiak. Milaka arrain hil egin dira oxigeno falta zela eta. Pasaiako badia ez da zopa berde bihurtu, baina gerta liteke. Oiartzun ibaian eutrofizazio kasuak «noizean behin» gertatzen dira Eguzkiren arabera.
URA agentziak du badian saneamendu obrak egiteko eskumena
Ekologistek, gainera, badia osoa «gune sensible» gisa izendatuta dagoela ohartarazi dute. Eutrofizazioa jasateko arriskua duten eremuak dira, Europako Batasunak «gune sensible» izendatutakoak. Gaur-gaurkoz ez da horrelakorik eman, eta erakundeek uren kalitatea zaintzen dutela dio Otermin Pasaiako zinegotziak, «aldundiak urtero egiten ditu analisiak, eta azken urteetan Jaurlaritzak hiru hileko kontrol analisiak egin ditu». Kalteak Pasaiako herritarrek jasaten badituzte ere, Pasaiako Udalak eskumen gutxi ditu gai honekiko, eta presioa egiteaz gain, ezer gutxi egin dezake Oterminen esanetan. URAk du saneamendu obrak egiteko ardura.
19 urtez legez kanpo
Saneamendua eta uraren kalitatea zaintzea, legeak agindutako zerbait da, eta ez lege berri batek, 1991. urteko lege batek baizik. Hondakin uren kudeaketa jorratzen du Europar Batasuneko91/271/CEE zuzentarauak. Honen arabera, 15.000 biztanle baino gehiago dituzten hiriguneek hondakin ur guztiak saneatu beharko dituzte, horiek itsasoratu baino lehen. Gainera, «gune sensible» direlakoetan, garbiketa are eta sakonagoa egitea exijitzen du. Bi puntu horiek Pasaiari eragiten diote, baina larriena da,obra guzti horiek 2000. urterako eginda egon behar zutela, legeak dionaren arabera.
Legeak hainbat salbuespen aurreikusi baditu ere, 19 urteko atzerapena, utzikeria sistematikoaren ondorio baino ez dela dio Karlos Murua ekintzaileak, «erakundeen borondate falta da egoera honen arrazoi nagusia. Obra konplexua da, bai, eta inbertsio oso handia, baina legeak behartzen duen zerbait da. Gure ustez legeak behartzen dituen azpiegiturei eman behar zaie lehentasuna. Tamalez, gaur egun kontrakoa egiten dute».
Izan utzikeri ala zailtasun, badian legez kanpoko hiru puntu beltz daude. Isun handia ekar dezake honek. Orain arte, ingurumenean eragin dago kalteari muzin egin zaio. Baliteke kalte ekonomikoei kasu egitea.
20 urteko borroka amaitu nahi dute sanjuandarrek
Luzaz eskatu dute Donibaneko alde zaharreko bizilagunek saneamenduaren aferari amaiera ematea. 2019. urtean gauzak beste modu batera egin behar direla uste dute, egungo egoerak ingurumenean eta jendearen osasunean izan ditzakeen ondorioak onartezinak direlako.
Dirudienez, aspaldiko arazoari konponbidea ematen hasiko dira hurrengo hilabeteetan Pasaiako Udala eta URA Uraren Euskal Agentzia. Saneamendu obrak egingo dira, baina prozesu, luze, garesti eta ezerosoa izango dela dirudi, bizilagun zein bisitarientzat.
Ekainaren 21ean Donibaneko herritar talde bat, URAko hainbat ordezkarirekin bildu zen, proiektuaren nondik-norakoak ezagutzeko. URA agentziak hainbat zalantza argitu zituen. Obrak zatika egin beharko dira eta guztira lau ponpa beharko dituzte, ura xurgatzeko. Handiena udaletxearen parean kokatuko dela uste dute.
Lau erakundek hartuko dute parte proiektuan, URAk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Añarbek—haiek arduratuko dira sanea-menduaz— eta Pasaiako Udalak. Obraren lizitazioa , aldundiko Obra Hidraulikoen arloak egingo du. Obrak 2020ko udaberrian hasiko lirateke URA agentziak ekainean esandakoaren arabera.
Obrak hasteko, baina, erakunde guztiek haien parte hartzea lotuta izan behar dute. Udal hauteskundeak eta Pasaiako udal gobernuaren osaketa zela eta, udala tarte batez geldituta egon zen, eta horregatik baliteke hainbat gai atzeratzea.
Luze bezain garesti
Pasaiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, obrek hiru urte inguruko iraupena izango dute—2019tik 2021era— guztiz amaitua izateko, eta orotara, 6.303.998 euroko aurrekontua izango dute: udala, Añarbe eta URA agentziaren artean banatuta. Pasaiako Udalak 2.429.719 euroko ekarpena egin beharko du. Aurrekontuaren %38a baino ez den arren, sekulako inbertsioa da udalarentzat. URAk eta Añarbek 3.964.278 euro jarriko dituzte proiektua aurrera eramateko. 2019ko gastu osoa 616.000 eurokoa izatea aurreikusi du URA agentziak.
Lehen pausuak ematen hasi dira batzuek eta besteak, eta adibidez, 2019ko udal aurrekontuan Pasaiako Udalak 100.000 euro bideratuak ditu Donibaneko saneamendurako.