1.328 ikasle, kirol legez
Oarsoaldeko lau udalerrietan, 8-12 urte arteko 2.714 ikasle dira guztira, eta horien artetik 1.328 ikaslek egiten dute Eskola Kirola, ikasleen %48,93k. Nesken parte hartzea, poliki bada ere, gorantz.
Kirol munduan barrena, kiroltasunez, errespetuz aritzea nahi dute ohitura osasungarrietan hezten dituzten bitartean. Hori da Eskola Kirolaren filosofia, 8 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoak kirolera gerturatzea eta balio hezitzaileetan haztea eta heztea. Arrakastatsua da programa hori Oarsoaldeko lau udalerrietan; hala erakutsi dute ikasturtea hasi berria denean lehen balorazioa egiteko agerraldian Eneritz Arbelaitzek, Irlentz Oretgak eta Maite Gartziak, —Oiartzun, Lezo eta Errenteriako Kirol zinegotziak hurrenez hurren—, eman dituzten datuek.
Gaur egin dute agerraldi hori Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Eskola Kirola programako egitura guztia profesionala dela Oarsoaldean nabarmendu du Arbelaitzek. Gartziak berriz, datu esanguratsuenak eman ditu gaurko agerraldian. Hala, ikasleen ia erdiak Eskola Kirola programa egiten duela zehaztu du Errenteriakoak eta nesken parte hartzeak gorantz jarraitzen duela. Oarsoaldeko lau udalerrietan, 8-12 urte arteko 2.714 ikasle dira guztira, eta horien artetik 1.328 ikaslek egiten dute Eskola Kirola, “ikasleen %48,93k. Horrek erakusten du datu hauen benetako garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu Eskola Kirola Oarsoaldean”.
130 talde daude guztira: 69 Errenteria-Oreretan; 22 Oiartzunen; 28 Pasaian; eta 11 Lezon. Entrenatzaileei dagokionean, 66k gidatzen dituzte 130 talde horien saioak Gartziak azaldu duenez, “22 emakumeak dira eta 44 gizonak”. Nesken parte hartzea gorantza doala nabarmendu du, gainera, “urtetik urtera ari da hobetzen datu hori, poliki bada ere, eta ikasturte honetan nesken %37,76k hartzen du parte; mutilen artean %61,63k hartzen dute parte”. Mantso badoa ere, nesken parte hartzearen gaineko goranzko joera hori pozgarria dela esan du. Euskarari ere erreparatu dio Gartziak, eta jarduera %100 euskaraz egiten dela gaur egun esan du: “Urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen. kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun”.
Oiartzungo udalak datu zehatzak eman ditu. Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako 8-12 urte arteko 221 haur ari dira Eskola Kirola egiten 22 taldetan banatuta; adin tarte horretan dauden ikasle oiartzuarren %47,53k egiten du bat programarekin. Matrikulatuta dauden nesken artetik %37,44k egiten dute Eskola Kirola (eskualdeko bataz bestekoa baino altuagoa da datu hori), eta mutilen %56,50k.
Eskola kirola kirol aniztasuna sustatzeko, aukera ezberdinak haur guztien eskura jartzeko tresna paregabea izateaz gainera, parekidetasunaren aldeko iniziatiba ere badela nabarmendu du Ortegak: “Kirola errespetuz, elkartasunez eta kiroltasunez egitea nahi dugu”. Autoaren erabilera murriztera ere deitu dute gaurko agerraldian, eta beste bitarteko osasungarriagoak, bidezkoagoak erabiltzera, “bizikleta, garraio publikoa edota oinez egitera deitu nahi ditugu joan etorriak iraunkorragoak izan daitezen”.
Epaileak Eskola Kirolak koordinatuta
Berrikuntzarekin dator ikasturte berria. Arbelaitzek esan duenez, balio eta jarrera egokiak sustatzen aritzen dira Eskola Kirolaren bidez, eta bide horretan pausu garrantzitsua eman dutela: “Aurten epaileak eta arbitroak koordinatzeko lana Eskola Kiroleko egiturak egingo du, beti ere kirol elkarteekin elkar lanean eta azken horiei lana errazteko asmoz. Epaile guztiek gainera, formazio bateratua jasoko dute Oarsoaldeko Eskola Kirolak sustatzen dituen jarrera eta balio egokiak haurrei helarazten lagundu dezaten”.
Partidetan epaile orok peto bat eramango du soinean horren harira, eta atzealdean lau esaldi hauetako bat izango du idatzia: Errespetuz jokatu!, Mugitu, jolastu, hezi!, Eskerrik asko animatzeagatik!, Denok gara Eskola Kirola!. Gainera partida hasi aurretik beren burua entrenatzaileei aurkeztuko dietela epaileek jakinarazi du Arbelaitzek, “zelai erdira hurbildu, eskua eman eta partidari hasiera modu naturalean emateko. Bukaeran, bai entrenatzaile, bai epaile, zein bi taldeetako haurrek elkarri eskua emango diote, arerio eta etsai izatea ez baita gauza bera”.
Normaltasuna, kirol legea, errespetua nahi dituzte joko zelai eta kantxetan; baina batez ere harmailetan. Azkenean Eskola Kiroleko begiraleak, epaileak dituzte erreferente, baina batez ere gurasoak, eta adin txikietatik eragitea ezinbestekoa da etorkizunean errespetuzko jarrera izan dezaten, baita kirolean ere.