Pasaiako Udalak harrera egin die 'Sheroes' proiektuko kideei
Haien borroka eta bizipoza eredugarritzat dutelako, aitortza egin die udalak Donibaneko Kulturgunean. Arratsaldean sukaldaritza tailer batean parte hartuko dute.
Astelehenean iritsi ziren Indiako heroiak Pasaiara, eta Gipuzkoan izango dira hilaren 29ra arte, haien testigantzak emateko eta Channv fundazioaren lanaren berri emateko. Shabnam eta Anshu azidoarekin eraso egin zieten, baina haien istorioa ez da erasoak jasan dituzten bi emakumeen istorioa, baizik eta erasoetatik bizirik atera ostean, altxatu, ahaldundu eta aurrera egin duten bi heroien istorioa.
Eragile eta erakundeek ez dute neska hauek eta Alok Niksit Channv fundazioko kidea ezagutzeko aukera galdu nahi izan. Gaur goizean Pasaiako Udalak aitortza egin die Donibaneko Kulturgunean eta harro agertu dira Bekoz Beko eta Channv fundazioen lana babestu ahal izateagatik.
Anshu, Shabnam eta Alok —Bekoz Beko elkarteko kideekin batera— iritsi orduko, udal talde politiko guztietako ordezkariak zituzten zain Kulturguneko sarreran. Ongi etorri beroa eman diete, hurbilekoa, eta neskek berdintsu erantzun dute. Izaskun Barbier Bekoz Beko Elkarteko lehendakariak nesken prestutasuna eta jarrera nabarmendu du, “beti lanerako prest daude. Edozein ekintzetan parte hartzeko eta hitz egiteko. Gainera, ez dute inoiz irribarrea galtzen”.
Argazkiak eta aurkezpenak bukatuta aitortza ekitaldiari hasiera eman diote. Izaskun Gomez alkateak hartu du hitza udalaren izenean. Matxismoa eta indarkeria matxista afera globalak dira, baina Indian milioika emakumek jasaten duten biolentzia “bereziki ankerra” dela adierazi du Gomezek. Erasoak jasan ostean, Anshu, Shabnam eta beste emakume askok “lau pareta artean itxita” bizi behar dutela oroitarazi du Gomezek, hori dela eta, gizarteari aurre egitea eta haien buruak ahalduntzea, bereziki ausarta eta eredugarria den urratsa da.
Bukatzeko, Gomezek eskerrak eman dizkie Anshu eta Shabnameri,”zuen ausardia eta duintasuna harrotasunez betetzen gaitu mundu osoko emakume guztioi”. Opari xume bat egin die Pasaiako Udalak; Pasaiako argazkia zuten koaderno bana, itsasoaren parte bat beti haiekin izan dezaten Sheroes Hangout kafetegietan. Shabnamek Euskal Herrian ikusi du itsasoa lehen aldiz.
Jarraian Izaskun Barbier, Bekoz Bekoz Indarkeria Matxistaren Aurkako Erakundeko lehendakariak ahalduntzearen eta hezkuntzaren garrantziaz hitz egin du, “norberaren garapenerako eta komertzio bat aurrera eramateko eta finean, bizitza duinago bat izateko, konfiantza eta autonomia oso garrantzitsuak dira”.
Helburu horri jarraiki, Bekoz Beko eta Channv fundazioak formakuntza akordioa sinatu zuten, besteak beste ingelesa ikasteko aukera izan dezaten. Shabnamek adibidez Agran —Taj Mahal jauregia dago bertan— egiten du lan eta bertako bezero gehienak turistak dira. Hortaz ingelesa oso lagungarria izan daiteke autonomia ekonomikoa bultzatzeko. Nabarmengarri da, neska hauek izan dezaketen eboluzioa, aukera ematen badiete. Shabnamek haiekin ikasi zuen idazten eta irakurtzen, eta gaur egun ingelesa ikasten ari da.
Etxeko lanak ekarri dituzte Indiatik; han zirela eta Bekoz Bekoren laguntzarekin, sukaldaritza eta zerbitzari ikastaro batean parte hartu zuten neskek. Gaur arratsaldean bigarren sesio izango dute, Pasaia Lanbide Heziketako Eskolaren eskutik.
Chanvv fundazioarekin batera lortutakoak goraipatu ditu Barbierrek, hunkituta, eta jasotako babesa guztia nabarmendu du, “Eskerrik asko zuei Izaskun, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, gugan sinetsi dutelako. Eta eskerrik asko Channv Fundazioari baina bereziki zuei Anshu eta Shabnam, beti lanerako prest izateagatik, irribarre egiteari utzi gabe”.