Irakurketa erraza, aurrerantzean euskaraz ere bai
Irakurketa erraza euskaraz taldea sortuko dute Errenteriako Udal liburutegian, euskaraz irakurri nahi duenarentzat, ulertzeko arazoak dituenarentzat, edota hizkuntza ikasten ari direnentzat.
Irakurketa erraza euskaraz taldea sortuko dute Errenteriako Udal liburutegian, euskaraz irakurri nahi duenarentzat, ulertzeko arazoak dituenarentzat, edota hizkuntza ikasten ari direnentzat. Irakurketa errazean idatzita dauden liburu interesgarriak irakurtzeko aukera emango die euskaraz irakurtzen ohituta ez dauden pertsona helduei, ohiko literatura zaila egiten zaienei, eta irakurketaren bidez euskarari bultzada eman nahi diotenei. Liburuetan lantzen dituzten gaiez ere arituko dira taldean, gainera, guztia oso modu bizian.
Ordutegia ez dute finkatu oraindik, interesdunei galdetuta finkatuko baitute egokiena dena. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, 943 449 635 telefono zenbakira deitu, 647 673 4512 whatsappera mezua bidalita, liburutegiaren posta elektronikora mezua bidalita, edo Udal Bibliotekan bertan eska dezakete informazio gehiago.