Argiztatutako badiaren irudirik onena aukeratuko dute
Bihar arratsaldean Pasaiako badiako bi aldeak argiztatuko dituzte. Gure Eskuk argazkirik onena aukeratzeko lehiaketa egingo du.
Argi dugu bidea lelopean herritarrek Pasaiako badia argiztatuko dute bihar, Gure Eskuk deituta. Argiztatutako eremua, badiako bokalean dauden bi ertzak, San Pedro eta Donibane, argituko ditu. Ez ohiko irudi ederra osatuko dute. Gure Esku irudiaz baliatuko da, biharko elkartasun ekintzari are eta oihartzun gehiago emateko.
Argazki txapelketa iragarri dute. Badia argiztatuaren argazkirik onena aukeratuko dute antolatzaileek. Irabazleak, Gure Eskuko kit bat irabaziko du; kamisetak, oihalezko poltsa bat eta bestelakoak. Argazkiak bidaltzeko epea hilaren 31ko —asteazkena— 22:00ak arte izango da. Helbide elektronikoz bidali beharko dira.
Bihar 17:00etarako egin dute hitzordua, San Pedroko Torrean edota Donibaneko Errekako arkuan. Era berean argazkilaritza gustuko dutenei, argazkiak egiteko gonbita luzatu die Gure Eskuk.