Euskaraz, goxoagoa da ogia ere
Mintzagun tailerren barruan, ogia egiten ikasteko saioak egiten ari dira Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleak.
Euskara sukalderaino, labe barruraino sartu nahi dute, bazter guztietara zabaldu. Hori da azkenean euskaldun berrien nahia, hizkuntza ikasi eta batez ere erabiltzea euskaraz bizi ahal izateko. Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun iniziatibaren helburua hori da, gai ezberdinen gainean tailerrak antolatzea euskara ikasleek hura praktikatzeko aukera izan dezaten, eta horretarako gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak jartzen dizkie eskura.
Oraingoan ogia egiteko tailerra antolatu du, eta Oarsoaldeko sei euskaltegietan buru belarri ari dira ikasleak egunotan, Edurne Agirre okinak gidatuta. Oroitzene AEK, Txirrita AEK, Intxixu AEK, Xenpelar AEK, Pasaiako Udal Euskaltegia eta Errenteriako Udal Euskaltegian ari dira tailerra egiten. Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak esan duenez Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eskualdeko euskaltegiekin elkarlanean antolatzen duen Mintzagun tailerren egitarauaren barruan daude saio horiek, “edozein gai euskaraz jorra daitekeela eta ikasleak ulertzeko gai direla transmititu nahi diegu”.