Victor Hugo Etxeak Habanako Aste Frankofonoan parte hartuko du
Victor Hugo Etxe guztien erakusketa egingo dute azaroan zehar, Kubako hiriburuak bi urtetik behin antolatzen duen Aste Frankofonoan.
Pasaiak erakusleiho bat izango du Kuban azaroan zehar, eta Victor Hugoren eskutik iritsiko da. Habanak 500 urte beteko ditu, eta mota askotako eragile kulturalek haien ekarpena egingo dute urteurrenean. Frantziako kultura, hizkuntza eta ohiturak ikasteko sortu den Habanako Victor Hugo Etxeak, egoitza guztien erakusketa antolatuko du azaroan zehar. Erakusketa, Habanako Aste Frankofonoaren barruan egingo da.
Pasaiako Victor Hugo Etxea ere, Kubako hiriburuan izango da, 500. urteurrenaren ospakizunekin bat egiteko. Erakusketaren berri izan bezain laster Oarsoaldeko Garapen Agentziak lanari ekin zion Pasaiako Victor Hugo Etxeak erakusketan tokia izan zezan. Informazio panel bat prestatu dute Hugoren egonaldiaren nondik-norakoak bilduz.
Museoko edukiez gain, Victor Hugo Etxea Pasaiaren berri emateko euskarria izatea nahi dute. Idazle frantsesak utzitako etxearen bidez, Pasaia Kubara eramango dute antolatzaileek.