Hilaren 11n hasiko da 56. Gabonetako Marrazki Lehiaketa
4 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da. Marrazkiak aurkezteko epea hilaren 11tik 27ra artekoa izango da. Sariak abenduaren 19an banatuko dituzte.
Hurrengo astean hasiko da Pasaiako udal liburutegiek bultzatutako Gabonetako Marrazki Lehiaketa; 56 edizioa izango da aurtengoa. Hilaren 11tik aurrera aurkeztu ahalko dituzte gazteek marrazkiak eta 27an itxiko dute epea. 4 eta 14 urte arteko pasaitarrek parte hartu ahalko dute, baita Pasaiako ikastetxeetan ikasten duten gazteek ere. Gazteek ikastetxeetan bertan eman ahalko dituzte marrazkiak, Pasaia-Lezo Lizeoan, Anunciatan eta Karmengo Aman alegia.
Era berean Lezoko Herri Eskolan, Cristobal Gamon, Herri Ametsan eta San Luis-La Sallen ikasten duten pasaitarrek informazio orriak eskolan bertan jasoko dituzte, baina marrazkiak Pasaiako edozein liburutegitara eraman beharko dira. Urtero legez, marrazkiak Gabonetan oinarritu beharko dira.
Abenduaren 5ean bilduko den lau artistez epaimahai batek hautatuko ditu marrazkilari irabazleak. Iaz bezala, Antonio García Marcos, Jose Mensuro, Marisa Prego eta Izaro Mariezkurrenak osatuko dute epaimahaia. Sari banaketa, bi aste beranduago izango da, hilaren 19an, Antxoko liburutegian, 18:30ean.