Zapata eta zapi gorriak indarkeria matxistaren kontra
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta egitarau zabala antolatu dute herrian, eta iaz bezala, zapata eta zapi gorriak izango dira protagonista.
Gorriz jantziko dute Lezo Azaroaren 25aren harira. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta egitarau zabala antolatu dute herrian, eta iaz bezala, zapata eta zapi gorriak izango dira protagonista. Kanpaina ez du bakarrik antolatu udalak, Kuadrillategi, Lezoko Osasun Zentroa, Osakidetza, Pasaia Lezo Lizeoa, Lezo Herri Eskola eta Gaxuxa Emakumeen Taldearekin elkarlanean osatu du. Kanpainaren bidez, indarkeria matxista, eraso edota jarrera sexista oro gaitzetsi eta errespetua eta berdintasuna aldarrikatuko dituzte bizikidetzaren oinarrizko printzipio gisa.
Indarkeria matxista ez duela onartzen irudikatzeko zapata eta zapi gorriak protagonista izango dira Lezon, eta horretarako hilaren 18tik 30era zapata gorriak jarriko dituzte herriko dendetako erakusleihoetan indarkeria sexistari aurre egiteko, eta indarkeria sexistak azken urteetan eraildako emakumeak ikusarazteko.
Zapi gorriak balkoietan jarriko dituzte eraildako emakumeen izen abizenekin. Horiek osasun zentroan eta kiroldegian eskuratu ahal izango dira hilaren 11tik 18ra bitartean. Behin kanpaina amaituta, materiala ondo gordetzeko eskatu die udalak herritarrei, datorren urtean berriro erabili ahal izateko.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren barruan irakurketa ahalduntzeko ikastaroa antolatu dute, halaber. Izena emateko epea hilaren 8ra arte izango da zabalik Gizarte Zerbitzuetan (943 52 10 94) edo Gaxuxan bertan (osteguna 18:00-20:00); hilaren 22an hitzaldia antolatu dute: Sexu erasoak. zer gertatzen ari da?. kultur aretoan izango da17:00etatik 19:00etara Loredi Salegi adituaren eskutik. Hitzaldian indarkeria matxistaren kontrako poltsak banatuko dituzte.
Hilaren 30ean berriz, zine foruma antolatu dute Gezalan 18:30ean, En tierra de hombres. Herritar guztiak parte hartzera deitu ditu udalak, “indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura da eta eraso sexistak gaitzesteko indarrak batzea ezinbestekoa da”.