Ciudadanosen ekitaldia: 22 lagunek deklaratu beharko dute
Donostiako instrukzioko 4. zenbakiko epaitegiak hartuko du beregain auzi hori, eta 22 lagunak abenduaren 2an eta 3an deitu dituzte deklaratzera ordu ezberdinetan.
22 lagunek deklaratu beharko dute Ciudadanosek pasa den apirilean Errenteria-Oreretan egin zuen ekitaldiaren harira izandako protestengatik. Donostiako instrukzioko 4. zenbakiko epaitegiak hartuko du beregain auzi hori, eta ikertuak izaten ari diren 22 lagunak abenduaren 2an eta 3an deitu dituzte deklaratzera ordu ezberdinetan.
Deklaratzera deitu dituzten lagun horietako batzuen abokatuak dira Onintza Ostolaza eta Aiert Larrarte. Ikerketak bi jatorri dituela azaldu dute: “Ertzaintzak berak egin zuen atestatua dago batetik, egunean bertan gertatu ziren gauza ezberdinen ingurukoa; eta bestetik, Ciudadanos alderdiaren salaketa fiskaltzan”. Atestatuan egon daitezkeen delituak modu orokorrean bildu direla azaldu dute, “ez da banan-banan zehaztu 22 lagun horietako bakoitza zergatik ari diren ikertzen, modu orokorrean egin dute”.
Instrukzioan jasota dagoenez —gaur ikusi ahal izan dute abokatuek, epaitegian bertan— irainak, kalumniak, desordena publikoa, mehatxuak, lesioak, autoritatearen aurkako atentatua, eta gorroto delituengatik ikertu dituzte 22 lagunak. Abokatuek berriz ere nabarmendu dute testua orokorra dela, eta denak ez direla ikertzen ari aurretik aipatutako guztiengatik, “auzia aurrera doan heinean zehazten joango da epaitegia deklaratzera deitutako horietako bakoitzari zer egozten dion”.
Sei hilabetetik aurrerako instrukzioak edo ikerketak konplexu gisa sailkatzen dituzte epaitegian. Hori da honen kasua. Ostolazak eta Larrartek azaldu dutenez, nahi beste luzatzeko aukera legoke, “hilabeteak izan daitezke, edo urtebete, edo bi, ikerketan bakarrik”. Atestatua luzea dela esan dute, “ezinezkoa dugu, beraz, azterketa xehe bat egin auziaz gaur ikusi dugulako. Dena begiratu behar dugu ongi, eta bere denbora eskatuko digu horrek. Gainbegirada egin dugu gaur, irakurketa orokor bat egin ahal izateko”.