Kirol aukera guztiak euskarri bakarrean, lehenengoz
Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako kluben informazioa, kirol guneak, orientazio zerbitzuak, kirol sailetako kontaktuak, parke osasungarriak, bidegorriak edota ibilbideak jaso dituzte esku orrian.
Oarsoaldeko jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen duen lehenengo esku orria aurkeztu dute gaur. Lezoko Kultura aretoan egin dute aurkezpena lau udalerrietako kirol zinegotziek, Irlentz Ortegak (Lezo), Enekoitz Markosek (Oiartzun) Maite Gartziak (Errenteria) eta Lore Suarezek (Pasaia). Premia sumatu zuten Oarsoaldeko kirol koordinazio mahaia osatzen duten lau udalerrietako politikari zein teknikariek eskualdean dagoen kirol eta jarduera fisikoaren eskaintza euskarri bakarrean biltzeko: “Konturatu ginen, behin Eskola Kirola amaituta, Oarsoaldeko herrietako haur askok ez zekitela non jarraitu beren gustuko modalitatearekin, eta ezjakintasun horrek bultzatuta asko direla kirola egiteari uzten diotenak”.
Gaur aurkeztu duten esku orria premia horri emandako erantzuna da, beraz. Lehenengoz bildu dute informazio hori guztia euskarri bakarrean, “lanketa luze baten emaitza da” eta hasierako asmoa gerora ere aldatu egin dela zehaztu dute zinegotziek gaurko agerraldian: “Hasiera batean eskualdeko kirol kluben harremanetarako bideak jasotzea zen asmoa, baina bileraz bilera ikuspegia zabaltzen joan ginen eta egindako lanketari esker, gaur egun, Oarsoaldean jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera eta eskaintza anitzak biltzen dituen dokumentua osatu ahal izan dugu”.
Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako kluben informazioa, kirol guneak, orientazio zerbitzuak edota kirol sailetako kontaktuak jaso dituzte esku orrian. Lau herrietan dauden parke osasungarriak, bidegorriak edota Donejakue bidearen barruan, Talaia bidea, eta San Marko inguruko ibilbideak ere bildu dituzte bertara. Oarsoaldeko biztanleek, beraz, gaurtik badute eskualdean dagoen eskaintza modu bateratuan ezagutzeko aukera.
Esku orria dokumentu bizia dela esan dute, bestalde, lau herrietako kirol arduradunek, “urtetik urtera eguneratzen, osatzen eta aberasten joango gara dokumentu hori”. Horren harira, datorren urtean ibilbide gehiago edota kirol gune pribatuen kokaleku zein kontaktuak gehitzeko asmoa azaldu dute.
Esku orria kiroldegi zein harrera bulegoetan jaso daitezke eta udalen web orrietan epe laburrean zintzilikatuko dituztela jakinarazi dute. Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete lau zinegotziek Oarsoaldeko lau udaletako kirol teknikari eta dinamizatzaileei, “lan benetan handia egin dutelako esku orria egi bihurtzeko”.