Borondate politikoa eskatu diote udalari
Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak aurkeztutako testua Adiferi helaraziko dio Pasaiako Udalak. Albiste ona bada ere, ezezko itxura duen babesa jaso dutela uste dute plataformaren sustatzaileek.
Urriaren 29an egindako ohiko udal-batzarrean, Pasaiako udalbatzan ordezkaritza duten lau talde politikoek aho batez onartu zuten Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformaren proiektua Adifera bidaltzea, haiek azter zezaten. Berez, albiste positiboa da, baina sentsazio, «gazi-gozoarekin» joan zen etxera Floren Moro, plataformako kidea.
Haren ustez, «ezezko zaporea duen baiezko bat» jaso zuten aurreko asteko udalbatzarrean, izan ere, keinu bat espero zuten udalaren aldetik, haien proiektuarekin konpromiso handiagoa agertzea, «borondate politikoa badago, Nafarroa etorbidea guztiz eraldatzeko aukera dagoela sinisten dugu, betiere herritarren ongizaterako».
Antxoko Geltoki Berriaren Plataformak trenbidearen eremua optimizatu nahi du, herria iparralderantz zabal dadin. Helburu horri jarraiki, plataformak kanpaina informatiboa abiatu zuen, eta bildutako 855 sinadurak udaletxera eraman zituzten. Proiektua, bestalde, mozio gisa aurkeztu zuten. Alderdi guztiek babestu zuten mozioa, baina orokorrean zuhurtziaz jokatu zuten; lehenik eta behin, proiektua teknikoki bideragarria den ala ez ziurtatu behar dela nabarmendu zuten. Floren Moro jakitun da haien proiektua garatzeke dagoela, eta zenbait gauza berrikusi daitezkeela, «plataforma nahiko azkar osatu genuen eta badakigu gai batzuk ongi aztertu behar direla». Aste gutxi batzuetan garatu behar izan dute Nafarroa etorbidea zabaltzeko proposamena, Adifek geltoki berriko obrak hasi baino lehen aurkeztu nahi zuten eta, «ez du zentzurik3 milioi euro gastatzea geltoki berri batean eta handik bost ur-tera obra berriak abiatzea. Orain da unea eta ez dugu aukera ho-beagorik izango».
Gauzak horrela, udalaren babesa jaso du Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak, eta espazio urbanoa berreskuratzeko aldarria bere egin du; baina iritzi ezberdinak azaldu zituzten alderdiek. Pasaiako Podemosek babes osoa adierazi zion plataformaren proiektuari, eta antolakuntzan ibilitako herritarren lana eskertu zuten. Trenbideen moldaketa babestuko dute, udal teknikarien oniritzia jasotzen badu. Udal gobernuko kide PSE eta EAJk alde bozkatu zuten,baina zalantzak agertu zituzten. Hainbat eskuduntza beste erakunde batzuen menpe daudela gogorarazi zuten, eta gainera, teknikoki proiektua bideragarria ote den aztertu behar dela gaineratu zuten. EH Bilduk, bestalde, proiektuarekin guztiz ados zeudela nabarmendu zuen. Baina adituen analisi teknikoak beharko dituela gaineratu. Dena dela, antxotarrentzat aukera paregabea delakoan, gaia seriotasunez jorratzea proposatu zien beste udal taldeei, gobernu, oposizio eta plataforma bilduko dituen batzorde bat eratuz. Ikusteke dago zer jarrera hartuko duten hemendik aurrera udal taldeek, baina gaur-gaurkoz, plataformaren proposamena Adifera bidali dute, Pasaiako Udalaren zigilua gainean duela.
«Guk ez ditugu ezagutzen arlo tekniko eta juridikoan ager daitezkeen arazoak, baina udalak ziur asko bai eta bestela, ad-tuengana jotzeko ahalmena izango dute. Guk ez dugu Adifekin eztabaidatu nahi; udalak gurekin batera presioa egitea nahi dugu», adierazi du Morok. Haiek lehen urratsa eman dute, eta orain Pasaiako Udalak lekukoa hartzea nahi dute.
Hurrengo urratsak
Oraingoz ez dakite oso ongi non-dik joko duten aurrera, baina argi dute Adiferi bidalitako proposamenaren jarraipena egingo dutela. Antolaketa lanean jarraituko dutela jakinarazi du Morok, ekarpenak jasotzen eta eragileekin biltzen: «Hurrengo astean alderdiekin biltzen hasiko gara,zer egin daitekeen aztertzeko». Funtsean aliatu bila ibiliko dira, errealistak baitira, badakite ez dutela aukerarik izango Adifengana bakarrik joaten badira.
Eskuduntzei dagokienez, gauza berbera: badakite udalak espazio askotan eskuduntzarik ez duela, baina presioa egiteko gaitasuna badute. Morok, gainera, gogorarazi du administrazio ezberdinek badutela lotura bat, «alkatearen alderdi berdinak kontrolatzen du Adif». Era berean, aintzat hartu behar da Pa-saian, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, alderdi berdinek gobernatzen dutela, EAJk eta PSEk alegia.
Pasaian, eta bereziki Antxon, proiektuak herritarren nahi eta beharren arabera egiteko garaia dela nabarmendu du Morok, «herri honetan topoa lurreratzea eskatzen dugu eta erantzuna zubiak margotzea da. Aski da!». Antxotarrek luzaz salatu dituzte egungo geltokiak dituen gabeziak, baina errealitatea da Adifek iragarritako geltoki berria —martxoan eman zuten albistearen berri— erakundearen barne erabakia izan dela; ez da prozesu parte hartzailea izan, «Adifeko agintariekin argazkiak egiteko duen prestutasun berdina guri ere agertzea gustatuko litzaiguke», salatu du kide antxotarrak.
Metro gutxi batzuk dira, Antxoko orografia konplexua kontutan hartuta; geltokiari kendutakoa, baina, eremu oso garrantzitsua izango litzateke. Antxon badute aurrekari bat, Molinao errekaren eskuin aldeko ibarran. Marealta eta Ibaiondo Antxoko arnasgune garrantzitsuenak dira gaur egun, eta herritar askoren topaguneetan bihurtu dira zabalgune horiek.