«Harritzeko gaitasuna galdu du jendeak; dena kantatuta dago»
‘Biribilean’ diskoa argitaratu du Mikel Markez abeslari errenteriarrak. Azken bost urteetan egin duenaren laburpena da diskoa, etapa baten itxiera; hurrengo diskoarekin pentsatzen hasia da.
Biribilean da zure azken lana. Zer aurkituko du entzuleak?
Azken bost urte hauetan egin dudanaren laburpena, ahots mailan zein musikalki. Zuzenekoetan egin izan dudanaren laburpena da. Aurreko diskoa orain bost urte atera nuen, eta lan honekin lekukotza utzi nahi nuen. Estatu Batuetan dezente ibili naiz Noka taldearekin azken urteetan, eta bertako Andrea Bidart izan dugu disko honetan kantari.
Bestetik, azken urte hauetan alabarekin hasi naiz kantatzen, kontzertuetara etortzen hasi da, eta horren lekukotza ere utzi nahi nuen. Azken urte hauetan hasi da gurekin Julen Alonso trikitilari eta akordeoilaria, eta Arkaitz Minerrek denbora darama gurekin. Nahi nuen erakutsi egin dudana, utzi grabatuta azken urte hauetan zein jantzirekin eman ditugun gure betiko kantuak eta beste kantu berriagoak, eta horiek guztiak beste jantziekin eman. Nahi nuen zuzenekoa egin, baina estudioan.
Biribilean diskoa uneko argazkia da, etapa bat ixtea, hurrengo diskoarekin pentsatzen hasteko.
15 urterekin hasi zinen lehen abestiak idazten, gitarra jotzen; 20 urterekin lehenengo diskoa heldu zen, eta ordutik hamabi argitaratu dituzu. Zein izan da zure ibilbidea?
Ustekabean, 17 urteko gazte baten bilakaera normala izan dut. Azken urte hauetan kantuak egin ditut nire bizitzaren egoera ezberdinen bueltan, eta disko bakoitza izan da bizipenen, momentuko gizartearen, momentuko gure ingurunearen lekukotza bat bezala. Elur bola modukoa izan da nolabait; txikitik hasi nintzen, maketarekin eta ikusi nuen jendeak maite zituela nire kantak, hasi zirela herrietatik deika eta ohartu nintzen euskal kantagintzan ari nintzela, hemen nabilela batetik eta bestera.
Gauza zenbait probatu ditut bidean: egin nuen kantu erotikoen disko bat, egin ditut hainbat emanaldi Pako Aristi idazlearekin literaturara gerturatuz, egin ditut kanpoan diskoak, diaspora ezagutu dut… Ibilbide naturala ikusten dut. Kantagintza izan da nire bizitzako parte inportanteenetako bat; nik eman diot nire bizitza horri eta horrek eman dit bueltan izugarrizko aukera pila, beste lanbide batekin edo munduan egoteko beste modu batekin ez nituzkeenak ezagutuko.
Euskal kantugintzan aurkitu zinela bat-batean esan duzu. Euskaraz abesteak ate gehiago ireki edo itxi egin dizkizu?
Euskaraz kantatzea niretzat alde batetik hautu bat da dudarik gabe, baina pentsatzen dut ez lukeela hautu bat izan behar; izan behar luke, hemen, Euskal Herrian denok egiten dugun gauza natural bat.
Ez gara herri normalizatu bat, ez dugu estatu bat, ez dauzkagu inguruko beste herriek dituzten baldintza berberak, eta guri beti planteatzen zaigu gauza ez natural bezala euskaraz kantatzea, edo hautu bat balitz bezala. Hau Alemania izango balitz ez luke inork planteatu ere egingo; batzuk abestuko dute ingelesez han, baina ez da ohikoa. Nik euskaraz bizi nahi dut Euskal Herrian, eta euskaraz kantatzen dut; ez dut inongo arazorik. Eta pentsa: nire aita Huelvatik (Andaluzia, Espainia) herri honetara etorritako langile bat da, baina ez dut inoiz planteatu izan euskaraz ez den beste modu batean egitea.
Errazagoa zen hasi zinenean abeslari izatea gaur baino?
Esango nizuke errazagoa zela oihartzun bat lortzea. Egia da nik lehenengo diskoa atera nuenean, 1991n urtean, hamar disko ateratzen zirela denera urtean: Benito Lertxundirena, Su Ta Garrena, eta Txanbelarena, esparru guztiak lotuta, hamabost asko jota. Errazagoa zen oihartzun bat izatea. Gaur zenbat aterako dira urtean, 500?
Jendeak musika bizitzeko duen modua ere aldatu egin da. Oso presente izaten jarraitzen dugu eskuko telefonoan eta, baina esango nuke harritzeko gaitasuna galdu duela jendeak, dena ikusita, dena eginda, dena kantatuta dago. Gizartea aldatu den bezala gizartearen aurrean gure egoteko modua ere aldatu egin da, kantariaren figura edo. Egun, oso izarrak direnak gutxiago lotzen direla artearekin uste dut nik, eta gehiago espektakuluarekin edo aisiarekin. Jendea joaten da arrakasta handia duten gauzetara izugarri trumilka, eta lehen baziren 200 eta 2.000 lagunen kantaldiak, orain gehiago daude edo 20koak edo 20.000 lagunekoak, bi muturrak ikusten ditut gero eta nabarmenago.
Hortxe dugu lana guk, 200ekoak eta 2.000koak eusten. Hor ikusten dut nire burua, hor eragiten. Errazagoa ez dakit; haizea aldeago genuen, eta esango nuke gizartea ere euskaldunagoa zela errotik; orain jende gehiagok ezagutuko du hizkuntza, baino espainiarragoak eta frantsesagoak garela esango nuke gure ohituretan, gure muinean, eta hori ere antzematen da.
Kantu berri bakarra dago zure disko berrian, besteak bilketa bat dira. Zergatik aukeratu dituzu bertan azaltzen direnak?
Esango nuke gehiago kantuek aukeratu gaituztela gu, kasu honetan. Hautatu ditut alabarekin gustura kantatzen ditudanak eta bestetik, Andrea Bidarterekin Ameriketan-eta ibili garenean Kalifornian eta hemen ere egin ditugunean kantaldiak kantatu izan ditugunak. Saiakera berezia egin dugu Andrea eta Estiren ahotsak lotzeko, hiru ahotsera ere egin dugu saiakera.
Guk atera nahi genuen argazki honetarako egokien zetozenak aukeratu ditugu, azkenean. Aitortu behar dut bakarren bat aukeratu dudala ez nintzelako oso gustura gelditu bere garaian grabatu nuen moduarekin, eta eman nion jantziarekin.
Zein da kantu hori?
Baina berdin dio kantarekin banuen hor zerbait, eta beste buelta bat eman nahi nion, banuen gogoa beste modu batera azaltzeko kantu hori.
Herrimina da kantu berria. Washingtonen (AEB) egin zen Smithsonian Folk jaialdian ezagutu nuen. Euskaldunak gonbidatu gintuzten. Flaco Jimenez eta Texmaniacs taldea zeuden hotelean, atera zituzten akordeoiak eta guk gitarrak, eta kantu hori jo zuten. Berehala pentsatu nuen kantu egokia zela gure herriminari kantatzeko. Originala, Estatu Batuetan bizi diren mexikarren gainekoa da, haien herriminaz ari da abesten, eta nik itzuli eta Euskal Herrira ekarri nuen.
Alabetako bat ekarri duzu musikara. Nola bizi duzue aita-alabak agertokian elkarrekin aritzea?
Oso ondo konpontzen gara, eta kantatzeko ez dugu arazorik izan sekula. Nire errepertorio osoa sehaskatik ezagutzen du eta betidanik kantatu izan ditu. Nire taldera emakume ahotsa ekarri nahi badut, alaba pagotxa da, ondo abesten du, ahots polita dauka, ondo afinatzen du… zein hobe alaba baino?
Zure kantagintza iristen al da gazteengana, zein publiko duzu?
Lekuaren soziologiak eragiten du, eta eragiten du askotan antolatzailea nor den. Irurtzunen asteburuan abestu genuen eta zaharrenak 60 urtekoak ziren, eta azken ilaran ni baino 20 urte gazteago direnak zeuden. Spotify bezalako plataformak ditugu egun, garai batean ez zirenak eta horiek neurtzeko aukera ematen dute, zure musika entzuten dutenen perfila ezagutzeko aukera dago. Horrek ematen dit pista esateko baietz, nire kantak heltzen direla ez gaztetxoenengana, baina 25 urtetik aurrerako jendearengana bai.
Nirea kantagintza soziala da neurri handi batean, herrikoia da kantua, melodiatan badu bere pisua bertsolaritzak —kuadrillan bertsolariak diren lagun handiak ditut—, baina beti saiatzen naiz niretzat garrantzitsuak diren gauzez hitz egiten, saiatzen naiz kantuetan eragiten.
Gazteak eta euskal kultura ongi ezkontzen direla esango zenuke, haserre samar daude… Nola ikusten duzu etorkizuna?
Badago diskurtsoan neurri handi batean despistea. Esaten da gauzak egin behar direla sentitzen dituzun bezala eta euskara ez dela inposatu behar. Hor badago tranpa izugarri bat, eta gailentzen bada heriotzara eramango gaitu, heriotza gozora, oso heriotza baketsura, baina heriotzara; ez badugu inposatzen euskara eta ez badugu garbi esaten hau Euskal Herria dela eta euskaraz egin behar dela, poliki-poliki, iparraldean esaten duten bezala peko errekara joango gara. Hartu behar ditugu erabakiak eta ez dirudi alderdi abertzaleak, ez alde batekoak ez bestekoak, horretara daudenik.
Beste abeslarien diskoak ere ekoitzi dituzu. Disko berrian, adibidez, Jokin Urainen hitzak eta Patxi Saiz kantari getariarraren doinua dituen Galdetzen kanta txertatu duzu. Zein da euskal abeslarien arteko harremana, ona al da giroa?
Kulturako beste hainbat esparru ikusita, kantarion artean ez dago pikerik. Bertsolariena beste kontua da, behar dutelako batak bestea eta ondo konpontzera derrigortuta daude. Ez dakit ez ote garen konturatzen askoz hobekiago joango litzaigukeela baldin eta mele pixkat gehiago izango bagenu errugbian bezala, elkar heldu eta denok norabide berean tirako bagenu. Bakoitza gure trintxeratxoan, gure armamentuarekin gabiltza, gure tiroak jotzen, batzuk ezkerrerago, besteak eskubirago, baino ez dago indar metaketa bat, ezta norabide bat ere; horren falta sumatzen dut. Gainontzeko euskal kantariekin, salbuespenik gabe, harreman ona dut.
Zaila izan da bidea?
Ez, niri ez zait batere zaila egin. Kantagintza nire bizitzarekin batera joan den zerbait izan da, ez dut sekula borrokatu behar izan haizearen kontra, ez dut halako sentsaziorik izan.
Kontzertuetarako gogokoen duzun aretoa?
Eibarko Koliseoa gustatzen zait, ez da oso handia eta jendea zure gainean dago. Agertokira atera eta jendea hortxe duzu alboan, eta gustatzen zait.
Hainbeste urtean bitxikeria mordoa izango duzu. Bateren bat kontatzea baduzu?
Bitxikeriak asko ditut, bai, gehienbat kantuen inguruan. Bat dut gogoan, pixkat pornoa da baina tira [barrezka]. Behin, goizaldeko bostak aldera, Zarauzko taberna batean gerturatu zitzaidan mutil bat eta esan zidan ‘Hi Mikel Markez haiz’ eta nik baietz, ‘badiat hirekin gauza bat’. Bere bikotekideak larrua jotzeko beti jartzen omen zituen nire kantak, Kantu erotikoak diskokoak, ‘eta gero ni astearte batean banoa furgonetarekin banaketan ibiltzen naizelako, irratian entzuten dut zure kantua, eta nik komeriak…’ [barrez]; kantuek badute, alegia, bere funtzioa.
Beste muturrera joanda, bitxikeria erromantikoagoak badira. Kontatu didate ezkontza eraztun barruan tailatuta jarri dutela ZBMN Zure begiek mintzen naute, beraientzat kantu hori berezia izan delako; beste bat, Konplize ditut eta kantua abesten edo bideoak egiten ikustea haurrak, gazteak… Gauza ugari gertatu zaizkit, bai, %99 onak.
Musikarentzat garai txarrak direla esango zenuke?
Esango nuke musikarentzat, berez, ez direla garai txarrak arte bezala. Gero eta aukera gehiago daude, gero eta talentu eta jende gehiago dago, eta entzun ere gehiago entzuten da, ordenagailuan eta eskukoan. Garai txarrak dira industriarentzat, hemen Euskal Herrian egon bada inoiz industriarik euskaraz, industria deitu badiezaiokegu gure diskoetxetxo hauei. Ikusi beharko dugu nola berregituratzen den sare sozialen eta Interneten kontu hori guztia, zer ematen duen, eta zertan gelditzen garen kantariak guzti horretan. Goiz da esateko zer gertatuko den. Neurri handi batean arte izatetik, aisia izatera pasatu da musika,hutsalkeriarako joera bat badago; alegia, kantuetan ezer ez baduzu esaten, hobeto joango zaizu.