'Herrikideen bizitza erdigunean' jarriko duen 55 miloi euroko aurrekontu proposamena
Aurrekontu proposamen horren oinarrian, ideia nagusi bat: Herrikideen bizitzak erdigunean jartzea. Hala esan du alkateak, "hori da Errenteriako Udalaren apustu nagusietako bat azken urteotan, zaurgarritasunari eta ziurgabetasunari erantzunez, herrikide guztien bizi baldintza duinak bermatzeko politikak ahalbidetzea".
2020 urterako 55 miloi eta erdiko aurrekontu proiektua aurkeztu du gobernu taldeak. Aizpea Otaegi alkateak, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun Zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak aurkeztu dute proiektu hori gaur egin duten agerraldian. Otaegik azaldu ditu aurrekontu proiektuaren nondik norakoak.
Aurrekontu proposamen horren oinarrian, ideia nagusi bat: Herrikideen bizitzak erdigunean jartzea. Hala esan du alkateak, “hori da Errenteriako Udalaren apustu nagusietako bat azken urteotan, zaurgarritasunari eta ziurgabetasunari erantzunez, herrikide guztien bizi baldintza duinak bermatzeko politikak ahalbidetzea”.
Aurtengo aurrekontuaren gaineko %2,66ko igoera izango du gobernu taldeak proposatu duena, “miloi eta erdi euro gehiago”. Igoera horren arrazoia azaldu du Otaegik, “diru laguntzatan izan ezin, gainerako diru sarrera aurreikuspenetan igoerak daude. Hala foru funtsatik ia miloi bat gehiago jasoko du udalak, eta udal zerga eta tasen %0,6ko igoeraren harira ere miloi erdia pasa gehiago biltzea aurreikusten da”. Aurrekontu igoerak, beraz, sarrera horietan egongo diren hazkundeei erantzuten dio.
Xehetasun gehiago eman aurretik, desio bat ere plazaratu du Otaegik gaurko agerraldian; Ordenantza Fiskalekin gertatu bezala, oposizioarekin adostasunera heldu eta aho batez onartzea 2020 aurrekontu proposamena espero du, “dagoeneko bideratu diegu proposamena oposizioko taldeei eta datorren astean zabalduko dugu negoziazio prozesua”. Bide horretan lan egingo dutela agerian utzi du.
Gizarte ongizatea, lehen lerroan
Gobernu taldearentzat aurrekontuaren arlo nagusien gaineko zehaztasunak eman ditu ondoren, Otaegik, “aurrekontuaren ezaugarri orokorretatik harago, herrikideen bizi baldintzak eta gure herriaren garapena ahalbidetzeko aurrekontuak jasotzen dituen proiektu estrategikoak”. Gizarte ongizatea lehen lerroan jarri duten arloa; ia lau miloi euro bideratuko dituzte horretara, “apustu esanguratsua egitea suposatzen du aurrekontu aldetik herrikide guztien bizi baldintza duinak bermatzeko politikak ahalbidetzea”. Aurtengo aurrekontuak %5,24ko igoera du arlo horretarako aurreikusitako diru zatiak, zehazki, 3.883.500 euro.
Arlo horretan udalak garatuko dituen politiken esparruan, bakarrik bizi nahi ez duten adinekoei alternatiba bat eskaintzeko asmoa nabarmendu du alkateak proiektu berri gisa, “eraiki nahi diren etxebizitza tutelatuen proiektuari helduko zaio”.
Aurrekontu proiektuaren %27a hirigintza eta hiri mantenu arloetara bideratu dute. “Agintaldi honetako ekimen estrategikoetako bat Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzea izango da, eta hurrengo urtean 220.000 euro bideratuko dira horretara; 2021 eta 2022 urteetan, berriz, beste 100.000 eurona”. HAPOa izango dela etorkizuneko Errenteria-Orereta determinatuko duen tresna garrantzitsuenetako bat erantsi du, eta lanketa egiteko parte hartze prozesu garrantzitsua jarriko du martxan udalak. Esku hartze urbanistikoak ere aipatu ditu Otaegik, lau: Barandiaran parkea eta garajeak egiteko 1.000.000 euro aurreikusi dira 2020 urterako eta beste miloi bana 2021 eta 2022 urteetarako; Beraungo auzoan kirol ekipamenduak egokitzen jarraituko du udalak eta futbol zelaiaren berriztapena egiteko 767.000 euro aurreikusi ditu; Agustinak auzoan Markola eraikina berrituko dute irisgarritasuna bermatzeko eta hainbat udal ekipamendu eta zerbitzu kokatzeko bertan (200.000 euro); Iztieta-Ondartxon, berriz, hiltegia eta bere ingurua txukundu eta zaharberritzeko proiektua martxan jarriko du. Horretarako 200.000 euro aurreikusi ditu.
LED argiztapen sistema ere aipatu du Otaegik, “gure auzoetako argiztapena hobetzeaz gain, gure ingurunearekiko iraunkorragoa den sistema ezartzen ari gara. Nabarendu nahiko nuke kale argiztapena berritzeko egiten ari den lana”. Horretan jarraituko dute, eta 2020 urterako 400.000 euro aurreikusi dituzte. Irisgarritasuna, herritarrentzat ezinbestekoa den gaia, baita auzoak beraien artean komunikatzeko, gobernu taldeak proiektuan nabarmendu duen beste gaietako bat izan da: “Une honetan Beraun auzoko igogailuak ari gara gauzatzen, eta datozen bi urteetan Erdigunea eta Gaztaño lotuko dituena aurreikusten da”. Horretarako, 200.000 euro aurreikusi dituzte 2020an, eta 2021eko aurrekontuan 900.000 euro konprometitu dituztela jakinarazi du Otaegik.
Ingurumen arloari dagokionean Oiartzun ibaia eta bere inguruak berreskuratzeko apustuarekin jarraitzen duela udalak nabarmendu du alkateak, eta aurrekontu proposamenean 135.000 euro aurreikusi dituztela Lartzabal inguruan errekagunea txukuntzeko: Arramendi parkea gune berde eta natural gisa txukuntzeko 100.000 euro aurreikusi dituzte; eta Klima larrialdiari aurre egiteko onartutako planean jasotako iniziatiba ezberdinak egiteko, 288.000 euro.
2020a, Lekuona Kultur Labea eta Beraungo auzo ekipamenduaren urtea
Herriaren eraldaketarako esparru estrategikotzat jo du udalak azken urteotan kultura, eta horrek ere badu bere isla aurrekontu proiektuan. Hala, 2020rako arlo horretara bideratutako diru zatia 2019ko aurrekontua baino %11,5 handiagoa da: “2020 urtea Lekuona kultur Labearen eta Beraungo auzo ekipamenduren urtea izango da”. Lekuona, madalenen aurretik inauguratuta izatea aurreikusi du Otaegik. lekuona zein Beraungo auzo ekipamendurako 750.000 euroko diru zatia aurreikusi dute, “proiektu horiek beharko dituzten ekipamenduak bermatzeko, eta ekipamendu horiek edukiz hornitzeko behar diren jarduerak aurrera eraman ahal izateko”.
Garapen ekonomikorako zein eraldaketa sozialerako tresna garrantzitsua dela kultura erantsi du, “eta kulturarekin lotutako bestelako ekimen garrantzitsuak ere badira garapen ekonomikoaren atalean jasotakoak. Horren adibide garbia dugu Artisau Auzoa”. Hori sustatzen jarraitzeko 645.000 euroko inbertsioa proposatu du gobernu taldeak. Garapen ekonomikoaren esparruan beste iniziatiba garrantzitsua dira enplegu planak; horretara 500.000 euro bideratu dituzte.
Udalgintza ulertzeko eta egiteko moduari erreferentzia egin dio azkenik, Otaegik. Zalantzarik gabe, horrek baldintzatzen ditu politika guztiak eta herritarrei begira jarri da, zehatzago, haien parte hartzeari. izan ere. Parte hartze prozesu zabala abiatu nahi du udalak, “HAPOA berritzeko prozesuan murgilduta gaude, eta etorkizuneko herria determinatuko duen tresna izango den neurrian ezinbestekoa da herritarrek parte hartzeko prozesu zabal bat irekitzea”. Plan Estrategikoa berritzeko urtea ere izango da 2020, “orainaz eta etorkizunaz modu kolektiboan hausnartzeko urtea izango da 2020a”.
Horri gehitu dio Errenteriaren 700 urteurrena izango dela datorren urtean, “urteurrena erabili nahi dugu herri gisa egun ditugun erronkez gogoeta egiteko eta erronka horiei aurre egiteko estrategia partekatuak adosteko”. Etorkizuneko herriaren gaineko gogoeta horrek plangintza sektorialei ere bidea eman behar diela erantsi du, “eta horiek elikatu. Besteak beste, emakume eta gizonen berdintasunaren eremuan edota LGTBI politiken inguruan garatuko direnak”. Gogoeta eta plangintza horiek guztiak modu parte hartzailean garatzeko 180.000 euro aurreikusi ditu gobernu taldeak.
Ordenantza Fiskalen antzera, aurrekontua ere aho batez onartzea gustatuko litzaiokeela gobernu taldeari esna du Otaegik. Datorren astean hasiko dituzten negoziazio prozesuak ematen duenaren araberakoa izango da, eta hileko ohiko plenora arte itxaron beharko da jakiteko, aho batez eta adostasun osoz egingo duten aurrera edo soilik gobernu taldeak babestuta.