Ozeano erraldoia Behobia-Donostiaren bihotzean, elkartasunerako
Behobia-Donostia lasterketaren erdian, 11. kilometroan lona urdin erraldoia jarriko dute, ozeanoa irudikatzeko, eta dirua biltzeko.
Behobia-Donostia lasterketaren barruan elkartasunerako iniziatiba antolatu du Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkarteak. Migratzaileei laguntza humanitarioa ematen ari den Aita Mari itsasontziari begira antolatu dute iniziatiba eta bildutako diru guztia, beraz, harentzat izango da. Behobia-Donostia lasterketaren erdian, 11. kilometroan lona urdin erraldoia jarriko dute, ozeanoa irudikatzeko.
Helburua dirua biltzea da eta dei egin diete antolatzaileek lasterkariei euro bat eraman dezaten soinean 11. kilometro horretara, Gabierrotako biribilgunera, heltzen direnean lona horretara botatzeko. Lasterkariei deia, baita bertaratzen diren ikusleei ere, haiei ere eskatu diete ekarpena egiteko. Gainera, txosna solidarioa ere jarriko dute helburu berarekin, dirua biltzeko, Laguntasuna txirrindulari elkartearen egoitzaren ondoan.