Hilaren 18tik 22ra aurkez daitezke OrriBakaR literatura lehiaketarako lanak
Orribakar literatura lehiaketa 6-15 adin tarteko haurrentzat da. Aurten seigarren edizioari ekingo diote. Sarien banaketa abenduaren 13an da.
OrriBakaR Literatura Lehiaketaren seigarren edizioa antolatu du aurtengorako Lezoko Andreone Udal Liburutegiak. 6-15 adin tarteko haurrentzako da lehiaketa, eta izenburuak argi dio: orri bakarreko lanak aurkeztu behar dituzte partaideek, euskaraz. Horiek entregatzeko epea hilaren 18tik 22ra artekoa da (biak barne). Liburutegian bertan utzi behar dira.
Edozein genero literario onartuko dute orri hori osatzeko: bertsoak, olerkiak, ipuinak, kazetaritza artikuluak, komikiak…
Bost kategoria daude. Horietako bakoitzeko bi lan onenei emango dizkiete sariak, hau da, hamar sari emango dituzte abenduaren 13an egingo den sari banaketan (19:00etan, liburutegian bertan da). 100 euroko txekeak dira, liburuak erosteko. Gainera, saritutako lanak udal liburutegiaren blogean argitaratuko dira.
Honakoak dira kategoriak:
- A maila: 6-7 urtekoak.
- B maila: 8-9 urtekoak.
- D maila: 10-11 urtekoak.
- E maila: 12-13 urtekoak.
- F maila: 14-15 urtekoak.