Irakurketak ez du mugarik
Irakurtzeko izan daitezkeen mugak apurtu nahi dituzte, edonork izan dezan aukera nahi duen hura irakurtzeko. Xede horrekin sortu zituzten IE Irakurketa Erraza Klubak, muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenei leiho bat zabaltzeko. Orain Irakurketa Errazeko I. Topaketak antolatu dituzte.
Irakurtzeko izan daitezkeen mugak apurtu nahi dituzte, edonork izan dezan aukera nahi duen hura irakurtzeko; irakurketa demokratizatu nahi dute finean, baldintzak direnak direla guztiek izan dezaten irakurketarako sarbidea. Xede horrekin sortu zituzten IE Irakurketa Erraza Klubak, muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenei leiho bat zabaltzeko. Errenteria-Oreretan 2012an hasi zen udal biblioteka sortu berria zen Euskadiko Irakurketa Errazaren klubarekin elkarlanean, eta orain, irakurketa errazaren gaineko Lekuona I. Topaketak antolatu dituzte hilaren 19tik 23ra bitartean.
Gaur aurkeztu dituzte topaketa horiek Iñaki Queralt Biblioteka azpisailaren zinegotziak, Maria Jose Pascual bibliotekaren arduradunak, eta Arantxa Coca dinamizatzaileak. Helbururik behinena, kultura, kasu honetan irakurketa, herritar guztien eskura jartzea horretarako berariaz egokitutako liburuen bidez. Populazioaren %30ak irakurtzeko zailtasunak dituela esan du Queraltek, “irakurketarako sarbidea behar soziala eta eskubidea da eta irakurtzea, ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da”.
Programa, irakurtzeko arazoak dituzten irakurleei begirakoa da, “izan daitezke aldi baterako zailtasunak, inmigrazioa, irakurketan berandu hasi izana, eskolatze urria duten pertsonak, ikasteko arazoak dituztenak; edota betirako zailtasunak, elbarritasun intelektuala dutenak, kasu”. Beste multzo ere badago Irakurketa Errazaren onurak jaso ditzakeenak, “gazteleraz alfabetatu ziren belaunaldiak, edota euskara ikasten ari diren hamaika lagunentzat”. Irakurketa Erraza, beraz, beharrezko tresnatzat jo du euskararen normalizaziorako Queraltek, “euskaraz irakurri nahi dute baina ohiko literatura zaila egiten zaie, eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, eta narratiba erraz baino helduago baten gose eta beharrez dira”.
Ekipamenduei ere erreparatu die zinegotziak: “Agintaldi planean jasota dago horien azterketa egitea aniztasun funtzionala duten pertsonentzat inklusiboa egiteko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko, hemen ere kokatzen da irakurketa erraza”.
Bibliotekaren konpromisoa harago doala erantsi du Queraltek, eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako helburuak bere egin dituela, “Irakurketa Errazaren kasuan, guztiontzat kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea batetik, herrialde bakoitzean eta herrialdeen artean desberdintasunak murriztea. Horretarako liburutegiek babesleku zibiko eta guztiontzat irekiak diren espazioak eskaintzen dituzte, haurren eta aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak asetzeko; genero desberdintasunak kontuan izaten dituzten indarkeriarik gabeko ikaskuntza ingurune seguruak, inklusiboak eta guztiontzako eraginkorrak direnak”.
11 Irakurketa Errazeko talde
Errenteriako Bibliotekak orain arte egindako bidea azaldu du Pascualek. 2012an proiektua abiatu zenetik bibliotekak bat egin zuela nabarmendu du, “informazioa eskatu genuen eta eskaini ziguten erakusketa bat eta ikastaro bat. Dinamizatzaile ikastaroa izan zen, eta bertan 14 pertsonek hartu zuten parte eta horiek kudeatzen dituzten bederatzi talde daude gaur egun Errenterian autonomoki funtzionatzen dutenak gure laguntzarekin, eta beste bi bibliotekan egiten direnak”. Datorren urterako taldeak ugaritzea espero dute, “gehiago izatea taldeetan hartzen duten pertsonek, baita talde gehiago sortzea ere”. Hasi zirenean ez zuten baliabiderik, baina gaur egun Irakurketa Erraza zigiluarekin argitaratzen diren liburu guztiak ditu bibliotekak: 177 izenburu ezberdin dituzte, eta horietatik 28 dira euskaraz, dauden guztiak. Horrekin batera, frantsesezkoak eta alemanezkoak erosten hasi direla azaldu du bibliotekako arduradunak.
Une honetan, Sanmarkosenen, Jesusen Bihotzean, Garagunen, Laguntasuna jubilatuen elkartean, Osakidetzako osasun mentalean, Agifesen Donostian bi talde, eta Errrenteriako Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentroan ari dira lantzen IE programa, “guk liburuak eskaintzen dizkiegu, beraiek bibliotekatik hartzen dituzte eta inkesta bat betetzen dute trukean guk jakiteko zein gai interesatzen zaizkien”.
Aurten apustu handia egin dutela esan du, “lehenengo topaketak antolatzea”. Jardunaldien xehetasun guztiak Cocak eman ditu; lehenik eta behin, herritar guztiak deitu ditu parte hartzera, Jardunaldien lehenengo hitzordua astelehenean (hilaren 19an) izango da, egun horretarako, eta hurrengorako Irakurketa Errazeko Kluben dinamizatzaile ikastaroa egingo dute, “lehenengo egunean irakurketa erraza zer den azalduko dugu eta ordu eta erdiko tailerra izango da, eta bigarrenean, praktikoagoa egingo dute saioa; kasu horretan bi ordukoa izango da tailerra”. Xenpelar Etxean izango dira saioak 10:00etan hasita.
Hilaren 21ean berriz, topaketa antolatu dute Fernando Morillo Grande idazlearekin. Merkatuzarren izango da 10:30ean; eta ordu eta leku berean izango da ostiralean (hilak 22) bigarren topaketa; kasu honetan, Nuria Marti Constans idazlearekin izango da. Mahai ingurua antolatu dute jardunaldien azken egunerako, larunbaterako, Morillo eta Martirekin 10:30ean Merkatuzarren. Mahai inguru hori Gipuzkoako Irakurketa Errazeko kide batek gidatuko da.
Irakurketa erraza ez dela ezaguna nabarmendu du Cocak, askotan pentsatzen dela haurren kontua dela, “baina ez da horrela, eta jendeak irakurketa errazerako egokitutako liburuak irakurtzen dituenean konturatzen da irakurtzea duela, ulertzen dituela eta interesgarria da zabaltzea”. Komunikabideei, idatzizkoei zehazki, erronka jarri die “irakurketa errazean zer edo zer idaztea ondo legoke guztien eskura jartzeko idazten eta sortzen duzuen hori”.
Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi dutenek hiru bide dituzte: posta elektronikora mezua bidaltzea, 943 449 635 telefono zenbakira deitu, edota 647 673 451 telefono zenbakira whatsappa bidaltzea.