Iñaki Altolagirre 'Matxet': «Rock puntu hori ere eduki nahi genuen»
Nerabea zenetik musikaren munduan murgilduta dago sanjuandarra, are gehiago musikari baten semea izanda. Gaur egun, Sega Sound Killers proiektuan buru-belarri sartuta dabil; hil honetan taldearen lehen birari ekingo diote.
Musika elektronikoa eta rock doinuak nahasten ditu Sega Sound Killers (SSK) taldeak bere lehen proiektuan. Martxo aldera aurkeztu zuen taldeak bere burua oholtza gainean lehen aldiz, eta izandako harrerari esker, hil honetan zehar lehen birari helduko dio taldeak. Lau kidek osatzen dute SSK: Matxet, Ektz, Eneko L. eta Lusar. Hondarribiak, Oiartzunek, Errenteria-Oreretak eta Pasai Donibanek elkarri eskua ematen diote proiektuan, «Jaizkibelgoak garela esaten dugu», adierazi du Iñaki Altolagirre Matxet kideak. Taldearen ibilbidea eta euren doinuen nondik norakoak ezagutzeko harekin solasean izan da Hitza.
Nola sortu zen Sega Sound Killers musika proiektua?
Galduta daukat kontua, baina duela bi urte edo bi urte eta erdi inguru. Horrelako gauza bat egiteko gogoa nuen. Egin ditudan beste proiektuetan bezala, zer egitea gustatuko litzaidakeen pentsatzen dut eta beti agertzen zaizkit inkontzienteki edo, ez dakit, hori ere egin nahi duten elementuak edo jendea.
Forma naturalean izan zen. Ektz ezagutu nuen eta berak musika elektronikoa egiten zuen. Deskode taldean aritzen zen baina baztertuta zeukan, eta bere abesti propioak lantzen zebilen garai hartan. Single bat kaleratu zuen eta musikaz hitz egiten ari ginela zerbait elektronikoa egiteko gogotsu nintzela esan nion.
Bion artean taldea sortu genuen. Izan ere, berak ere gogoak zituen. Gainera, gustu oso berdintsuak genituen eta orduan, saltseatzen hasi ginen. Nahiz eta musika elektroniko talde bat ginela argi izan, rock puntu hori eduki nahi genuen. Bateria akustikoa egin nahi genuela ere argi genuen.
Musika elektronikoa, rock doinuekin eta bateria akustikoarekin beraz?
Bai. Eneko Larrañaga hasi zen gurekin orduan, garai hartan Lionhead metal taldean ari zen jotzen. M. A. Laborategiak Tartufo antzezlana egin zuen, eta guk antzezpen lanak eta musika egin genituen, Trintxerpeko Ziriza Etxean. Oraindik ez ginen SSK bezala eratu, baina hirurak elkar ezagutzeko balio izan zigun pixkat.
Abestiak egiten jarraitu genuen eta gerora ikusi nuen beste elementu bat behar genuela taldean. Eneko Lusarri esan genion, John Berkhout taldean jotzen zuen, baina hain justu, momentu horretan, ez zeukan talderik. Gure laguna da, aspaldi elkar ezagutzen genuen, sintetizadorea eta gitarra jotzen ditu, eta nahi genuen norbait eklektikoa. Komentatu genion proiektua, gustatu zitzaion, gustukoa daukalako musika mota hau, eta taldea osatu genuen. Iazko abenduan egin genuen San Martin merkatuan, Donostian, M. A. Laborategiarentzat We are alive kanta. Hori izan zen gure lehenengo agerraldia SSK bezala. Martxo eta apirilean bi aurkezpen egin genituen, bata, Psilocyben [Hondarribian] eta bestea, Kutxa Kultur aretoan [Donostia].
Nola hartu zuen publikoak zuen musika estiloa?
Ez dago talde gehiegirik horrelako musika egiten dutenak. Egin genituen bi aurkezpenetara jende asko etorri zen.
Azaroan eta abenduan zehar hainbat kontzertu eman behar dituzue, Hego Euskal Herrian, zuen lehenengo tourra izango da hau?
Orain hasiko gara. Gaur eta bihar izango ditugu lehenengo bi kontzertuak. Gogotsu, bai. Guretzako, laurontzako, esperientzia berria da horrelako talde bat jorratzea, eta gainera, gure lekua aurkitzeko gogoa daukagu. Izan ere, orain arte egin ditugu antzerkiaren musika, We are alive, Hondarribiko eta Donostiako emanaldiak, eta udara bukaerako kontzertuak. Listo. Beraz, bai, eskarmentua hartzeko eta martxa hartzeko gogotsu gaude.
Disko bat ekoiztu duzue?
EP bat dugu, hamar hazbeteko binilo bat, aurkezpen txartel moduan erabiltzen duguna. Oiartzunen dugun estudio txikian grabatu dugu.
Argiztapenean ere indar handia jartzen duzue, ezta?
Irudiari garrantzia asko eman diogu. Bagenuen ideiaren bat, baina guretzako garrantzitsua izan zen We are alive performance-a egitea, handik gauza asko hartu ditugulako gerora. Oso-oso garrantzitsua izan zen guretzako, eta geroztik egia da irudiari garrantzia eman nahi izan geniola. Ahal dugunean kuboa esaten diogun hori [argiztapenerako erabiltzen duten egitura] eramaten dugu. Garrantzia ematen diogu, baina hala ere guretzako garrantzitsuena abestiak dira.
Ba al dago hemen Euskal Herrian antzeko musika estilorik jorratzen duen talderen bat?
Ostiralean jo behar dugu Empty Files Bilboko taldearekin; musika elektronikoa eta elementu akustikoak nahasten dituzte. Beste musika estilo bat egiten dute, baina gogoa dut horiek ikusteko. Gure influentzia nagusiak izan dira, batez ere, batetik, elektronika eta rocka nahastu dituzten maisuak, adibidez, Chemical Brothers, Prodigy… Musika elektroniko frantsesa ere asko gustatzen zaigu, Ed Banger Records zigilua esaterako, disko eta funk musika elementu rockeroekin nahasten dituzten taldeak dituzte bertan, Justice edo SebastiAn bezalakoak. Guk dugun elementu bat oso garrantzitsua da rocketik gatozela eta sumatzen da, baita metala, punka eta hardcorea ere.
Gure musikak ere badu soinu banda baten kutsua. Baditu zinearekin lotutako elementuak, zinea maite dugulako. John Carpenter eta Hans Zimmer artistak ere asko gustatzen zaizkigu.
Entzuleak apokalipsira gonbidatzen dituzue zuen diskoaren aurkezpenean.
Welcome to apocalypse da gure lehenengo kanta promozio orrian, eta horregatik egiten dugu. Apokalipsiaren istorioa azkenean da gure musikak indar asko daukalako. Paisaia oso kañeroak ditugu.
Zenbat urte eman dituzu musika proiektuetan murgilduta.?
25 bat urte. Aita gainera musikaria, ekoizlea eta soinu teknikaria zen. Zainetan daramat.
Zer da transmititzen saiatzen zaretena eszenatokian zaudetenean?
Musika gure pasioa dela beste gauzen gainetik. Ez baldin badago sentimendurik edo pasiorik, ez dauka zentzurik.
Kontzertu sorta emango du SSKek gaurtik abendua bukaerara arte
Asteburu honetan hasi eta datorren hilabetearen bukaerara bitartean hamaika kontzertu eskainiko ditu Sega Sound Killers (SSK) taldeak. Laukotearen lehenengo kontzertu bira izango da, eta momentuz, Hego Euskal Herriko hainbat lekutan entzungai jarriko dituzte euren doinu elektroniko eta rockerroak.
Sei kanta ekoiztu ditu Bidasoaldeko eta Oarsoaldeko herritarrek osatutako taldeak bere ibilbideari ekin zionetik. Hilzorian eta berriz jaiotzearen artean jartzen dute behin eta berriz entzulea haien abesti zerrendarekin. Izan ere, Welcome to apocalypse, We are alive, Hate’em all edo Alive izenpeko kantek osatzen dute, besteak beste, laukotearen errepertorioa, Shake it! eta Adi! abestiekin batera. Etengabeko joan-etorrian jartzeko moduko abesti sorta eskaintzen diote publikoari.
Herriz herri
Aurreikusitako emanaldien artean, lehena, gaur izango da Amurrion (Araba). Bihar, bestalde, Bonberenean izango dira, Tolosan, eta hilaren 21ean, Arrasaten. Hila amaitzeko, Donostiako Larratxon ariko dira.
Abenduan, bestalde, bi kontzertu baieztatu dituzte, lehena 14an Gernikan, eta bigarrena 27an Elorrion, biak Bizkaian.