Bi futbol talde nagusiek, azkenean, garaipena lortu dute asteburu berean
Bi futbol talde nagusiek etxetik kanpo lortu dituzte garaipenak, nagusitasun handiarekin. Areto futbolean, OKEk lider izatea lortu du.
Aspaldi gertatzen ez zena gertatu da pasa den asteburuan: Oiartzun Kirol Elkarteko bi futbol talde nagusiek hiru puntuak eskuratu dituzte. Biek ala biek etxetik kanpo arituta, gainera.
Mutilek Andoainen jokatu zuten, atzo arratsaldean, eta partida hasieratik garaipen gosez atera ziren. Jarrera horrek saria izan zuen, goiz aurreratu baitziren. Jokoaren jaun eta jabe izan ziren hortik aurrera, eta atsedenaldirako erabakita utzi zuten norgehiagoka. Bigarren zatia lasaia izan zen, utzikerian erori gabe. Ziur konfiantza emango diela garaipenak.
Neskek, berriz, atzo goizean neurtu zituzten indarrak, Osasuna Brekin. Taxoaren jokatu zuten oiartzuarrek. Zelai zaila izan arren, jokoa goitik behera menperatu zuten urdinek, eta 0-2 nagusitzea lortu zuten. Are handiagoa izan zitekeen markagailuak erakutsi zuen aldea, penalti bat huts egin baitzuten. Irabazi zuen beste futbol taldea mutilen Preferente Mailakoa izan zen.
Areto futbolean, berriz, Gipuzkoako Lehen Mailako lider da OKE, Leitzan eroso irabazita. Miren Taberna OKEk porrot gogorra jaso zuen Elorsoron.
Saskibaloiari dagokionez, aurkia eta ifrentzua: lehen taldeak galdu egin zuen, eta bigarrenak, irabazi. Bi kasuetan, alde handia izan zen markagailuan.
Kuriositate moduan, irabazi zutenek etxetik kanpo egin zuten, eta galdu zutenek, Oiartzunen. Beraz, zelai faktorea hutsala izan da asteburu honetan behintzat.
Futbola
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Euskalduna – Oiartzun: 0-3.
Emakumeen Lehen Nazionala
- Osasuna B — Oiartzun Antiguoko: 0-2.
Gizonen Erregional Preferentea
- Kostkas – Oiartzun: 0-1.
Emakumeen Euskal Liga
- Oiartzun Intxaurdi – Goierri Gorri: 1-3.
Emakumeen Gorengo Maila
- Oiartzun Intxaurdi — Hondarribia: 0-2.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Aurrera — Oiartzun: 2-6.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Miren Taberna OKE — Donipari: 1-5.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Oiartzungo Saskilagunak — Astigarragako Mundarro: 48-72.
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Contubi Oiarso — Oiartzungo Saskilagunak: 40-67.