Droga trafikoa eta lesio delitua leporatuta hiru lagun atxilotu dituzte
Hiru kilo haxix zeramaten bi pertsona atxilotu dituzte ostiralean; larunbat gauerdian y 64 urteko gizona atxilotu zuten lesio delitua leporatuta.
Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan Errenteria-Oreretan. Lehenengo bi atxiloketak ostiral arratsaldean izan ziren, eta 33 urteko gizon bat eta 26 urteko emakume bat ertzain etxera eraman zituzten atxilo droga trafikoa leporatuta.
Sustantzia estupefazienteen trafikoagatik aurretik egindako jarduketetan agertzen zen auto bat ikusi zuten Iztieta auzoan delituen prebentziorako lanetan ari ziren agenteek Segurtasun sailak azaldu duenez, eta jarraipena eginda, Alaberga auzoan gelditu zuen patruila batek. autoa miatzerakoan arropa artean motxila bat aurkitu zuten agenteek eta bertan zintaz bildutako hiru pakete. Pakete bakoitzean kilo bat haxix atzeman zuten, eta bi lagunak atxilotu egin zituzten.
Aurrekariak dituela gizonak nabarmendu du Segurtasun sailak, eta hori dela eta Ertzain etxean izan zuten epaile aurrera eraman arte; emakumea aske utzi dute, baina deitzen dutenean epaitegira agertu beharko du.
Lesio delitua
Ez da asteburuan izan den atxiloketa bakarra. Ertzainek 64 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat gauerdian lesio delitua leporatuta. Iztieta auzoan izan ziren gertakariak, eta beti ere Segurtasun sailaren bertsioaren arabera, atxilotua taberna batean sartu eta bertan ziren bezeroak gogaitzen hasi zen. Bezeroetako batek atentzioa eman, eta erasotzaileak defentsa esprai batekin egin zion eraso. Erasoa jaso zuen pertsona aurpegia garbitzera joan zenean, atzetik jarraitu eta arma zuriz eraso zuen sabelean.
Erasotzailea lekuan bertan identifikatu zuten ertzainek, eta motxilan defentsarako esprai bat eta bi laban atzeman zizkioten. Lesio delitua leporatuta atxilotu eta larunbat goizean bertan eraman zuten Donostiako Guardia Epaitegiko epaile aurrera.