Argentinako kereila, Gaztañon
Gaztañoko Sorguneak pasa den hilean abiatutako hitzaldi sortari segida emango dio ostiralean (hilak 22). Argentinako kereila hurbilduko du Gaztañora, zehazki, inpunitatearekin amaitu eta Martin Villa epaitzeko eskatzen duten elkartetako hainbat ordezkari ariko dira
Gaztañoko Sorguneak pasa den hilean abiatutako hitzaldi sortari segida emango dio ostiralean (hilak 22). Argentinako kereila hurbilduko du Gaztañora, zehazki, inpunitatearekin amaitu eta Martin Villa epaitzeko eskatzen duten elkartetako hainbat ordezkari ariko dira bertan: Sabino Kuadra, eta Amaia Kowasch San Fermines 78 Gogoan taldeko kidea; andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko kidea; eta Josu Ibargutxi Goldatu elkarteko kidea.
Inpunitate osoa dute 1936ko Espainiako Gerran, frankismoan eta ondoren trantsizioa deitu zen hartan egin ziren sarraskien arduradunek. 40 urteko diktadurapean egin zituzten izugarrikeriak ezin ditu, gainera, egungo sistema juridikoak epaitu, Amnistia Legea ezarri zutelako helburu horrekin. Milaka biktima dira. Ezin dute, ordea, ezer erreklamatu, ez egia, ez justizia ezta erreparazioa ere.
Egoera hori izanik, eta inpunitatearekin amaitzeko, nazioartera jo zuten 2010. urtean frankismoak hil eta desagerrarazitakoen senideek; nazioarteko jurisdikzioak bakarrik ikertu eta epaitu ditzakeelako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak. Bederatzi urte geroago, 400 kasutik gora barnebiltzen ditu Argentinako Kereilak, tartean San Fermines 78 Gogoan, eta Martxoak 3 elkartearenak. Goldatu elkarteak berriz, Martin Villa epaitu kanpaina abiatu zuen aurtengo urtarrila amaieran.
Hitzaldian, gainera, 1977ko Errenteriako Amnistiaren Aldeko Astean zaurituriko batzuk hartuko dute parte. Hitzaldia, 19:00etran gaztañoko auzo elkartearen lokal berrian.