Orratx!-en 'Bernarda Albaren bost alabak', bitan asteburuan
Orratx! Antzerki Taldeak Federico Garcia Lorcaren 'La casa de Bernarda Alba' euskarara ekarri du, asteburuan herrian bi emanaldi eskaintzeko.
Orratx! Antzerki Taldearen aurtengo estreinaldia bikoitza izango da. Hilaren 23 eta 24an, larunbatean eta igandean, Bernarda Albaren bost alabak obra estreinatuko du. Bi emanaldiak Gezala Auditoriumean dira, 20:00etan hasita. Sarreren prezioa zortzi eurokoa da. Horiek, oraindik baleude, Kultur Aretoan eta plazako estankoan daude salgai.
Ez du lan makala aukeratu oraingoan Lezoko taldeak, zein eta Federico Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Alba. Bernarda Albaren bost alabak izenburuarekin ekarri dute euskarara, Garazi Ugalderen itzulpen biribilarekin. Ez omen du lan erraza izan itzulpena egiteko, Lorcak esaera zahar ugari eta poetizazioa baliatu zituen-eta 1936an idatzi eta 1945era arte estreinatzeko aukerarik izan ez zen antzezlana idazterakoan.
«Pozik» emaitzarekin, hala azaldu dira Lierni Fresnedo zuzendaria eta Mertxe Larrea antzezlea, «erronka handia izan da, baina neurria hartu diogu». Asteburuan ikusiko da horren emaitza. Entseguetan jo eta su aritu dira Orratx!-ekoak azken asteetan.
FITXA
Antzezlana: Bernarda Albaren bost alabak.
Aktoreak: Begoña Azpiazu, Mertxe Larrea, Joseba Salaberria, Edurne Agirrezabala, Begoña Amonarriz, Araitz Larrea, Usoa Odriozola.
Egilea: Federico Garcia Lorca.
Zuzendaritza: Lierni Fresnedo.
Itzultzailea: Garazi Ugalde.
Argiteria: Txema Rivera.
Diseinu grafikoa: Harira Komunikazio Grafikoa.
Jantziak: Orratx! Antzerki Taldea.
Laguntzaileak: Lezoko Udala, Patxi Larrea.
Produkzioa: Orratx! Antzerkia.
Telefono zenbakiak: 651 706 591/647 275 526.