Indarkeria matxistaren kontrako manifestaziora deitu du Udalak
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Aho batez onartu dute adierazpen hori udal talde guztiek, eta bertan, indarkeria matxistaren "egitura izaera" nabarmentzearekin batera konpromisoa agertu dute emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak. Aho batez onartu dute adierazpen hori udal talde guztiek, eta bertan, indarkeria matxistaren “egitura izaera” nabarmentzearekin batera konpromisoa agertu dute emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Esku hartzearen alor guztietan ekintzak proposatu dituzte halaber, “prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean”.
Udalak gainera, bere egin du Errenteria-Orereta indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitze ardura eta lehentasunezko konpromiso politikoa berretsi du indarkeria mota horren adierazpide guztien kontrako borrokan, “egiturazko jatorrian eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, ordena sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko, eta emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez”.
Feminismoari erreparatu diote adierazpen horretan; errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela erakutsi diela feminismoak esan dute, “indarkeria bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna den heinean, ikusezin bihurtu da; alderdi pertsonalei garrantzi handiegia ematen zaie eta ikusarazi nahi digute indarkeriazko gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio”. Indarkeria adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea ez dela nahikoa esan dute, gertakariaren arrazoietara jo behar dela erantsita, “sustraira jo behar da, eta hori egitea erakundeon ardura ere bada”.
Indarkeria matxista pairatu dutenei erreparaziorako tokiko ekintzen gida b at prestatzeko lanean ari direla udaletako berdintasun teknikariak aipatu dute. helburua, indarkeria matxista pairatu dutenek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezaten da, udal eskumenaren esparruan.
Sei puntu ditu adierazpenak: Indarkeria matxista pairatu dutenen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jartzeko konpromisoa hartu du udalak, eta horretarako, Emakumeen Etxea erreferentziazko gune gisa identifikatu du; Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun protokoloa bere egin du udalak, gai horien salaketa eta gizarteratzean mugimendu feministari lidergotza aitortuz eta bidea eskutik egiten jarraituz; alor horretan erantzukizuna duten erakunde guztien arteko lankidetza sare eta koordinazioa sustatzeko konpromisoa hartu du; talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan jarraitzeko konpromisoa bere egin du, berdintasun politikak eta ekintzak diseinatzeko, indarkeria matxista pairatu eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioa eskaintzeko. Lanketa horretarako erreferentziako gune izendatu du udalak Errenteriako Berdintasun Kontseilua; neska, gazte eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak sustatzeko konpromisoa berretsi du eta horretarako Eskola Feminista zein Emakumeen Etxeko programazioa tresna garrantzitsu gisa identifikatu ditu; eta azkenik, herritar guztiak deitu ditu gaur 19:00etan mugimendu feministak deitu duen manifestazioan parte hartzera modu aktiboan.
Hemen adierazpena hitzez hitz.