Kalea hartuko dute indarkeria matxistaren kontra
Ez gara hiltzen akatzen gaituzte lelopean 19:00etan abiatuko da manifestazioa Herriko Plazatik.
Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta horren harira, manifestaziora deitu du Oreretako Mugimendu Feministak. Ez gara hiltzen akatzen gaituzte lelopean 19:00etan abiatuko da manifestazioa Herriko Plazatik. Bertan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak. Hori gaurko deitu duten mobilizazioa, baina ez da Azaroaren 25ari begira antolatu duten bakarra. Bihar hitzaldia emango du Miren Ortubaik. Zuzenbide penalean eta indarkeria sexistan aditua da, eta indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien arreta nola hobetu aztertuko du. Hitzaldia Emakumeen Etxean izango da, 18:00etan.
Sare sozialekin lotutako tailerra emango dute, bestalde, hilaren 29 eta 30ean sei orduz. Ikastaroaren atzean, Setem Factoria Valores eta Colectiva #Akelarre Ciberfeministak. Sarean emakumeek eta arauz kanpoko genero identitateek jasaten duten indarkeria aztertuko dute. Ostiralean 17:00etatik 20:00etara egingo dute ikastaroa eta larunbatean, berriz, 10:30etik 13:30era. Gazteleraz izango da.
Egitaraua borobiltzeko abenduaren 15era bitartean Errenteria tratu onen alde izeneko erakusketa zabalik izango da Emakumeen Etxean. Lan horren atzean, Errenteria-Oreretako hainbat ikastetxetako ikasleak daude. Ikastaroen kasuan izena eman behar da, eta horretarako Zu zure Udala arreta zerbitzura jo behar dute interesdunek astelehen, asteazken, eta ostiraletan 07:30etik 15:00etara, eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 19:00etara. Online ere eman daiteke izena.
Emakumeen Etxeak ateak zabalik ditu astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera 16:00etatik 20:00etara. Telefono zenbakia, honakoa: 943 449 630.
Seinaleztapen feminista
Berdintasunerako Kontseiluak eta udalak bat egin dute gaurko mugimendu feministak deitu duen manifestazioarekin. Pasa den ostiralean, Errenteria-Oreretako lau sarreretan seinaleztapen feminista jarri duela jakinarazi zuen udalak eta agerraldi horren testuinguruan egin zuen bat gaurko deialdiarekin.
Ikastetxeak ere indarkeria matxistaren kontra
Ikastetxeek ere bat egin dute indarkeria matxistaren kontra. Koldo Mitxelena institutuan elkarretaratzea egin dute ikasle eta irakasleek saskibaloi kantxan indarkeria matxistaren kontra. Ozen esan dute bertan ez dutela onartzen emakumeen kontrako erasorik. Ez da Azaroaren 25ari lotuta antolatu duten ekintza bakarra; ikastetxeko kanpoaldeko hesian pankarta jarri dute eta feminizidioen bilakaera azaldu dute datuen bidez. Hiruhilekoan gainera gaia landu dute ikasleekin eta amaitzeko, geletan jarduera ezberdinak antolatu dituzte gaur indarkeria matxista perspektiba desberdinetatik lantzeko. Koldo Mitxelena institutuko Hezkidetzako arduradunek, gainera, ikasle batzordearen lana goraipatu du, “gogoz lan egin du indarkeria matxistaren arazoa ikusgarri egiteko gure ikastetxean”.