Oztopoak oztopo, tokiko merkataritzari laguntzeko prest
Haizeteei eta euriari aurre egin zioten antxotarrek larunbat goizean, Laurak Bat elkarteak antolatutako 'photocallean' argazkia atera eta tokiko merkataritzari babesa adierazteko.
Ez zen giro larunbat goizean, 15o km ordutik gorako haize ufadek, etxean gelditzea iradokitzen zuten. Antxotar askok ordea, zailtasunei aurre egin zioten Laurak Bat elkarteak deitutako hitzorduarekin bat egiteko. Arrazoia? tokiko merkataritzaren garrantziaz ohartarazteko.
Nik Pasaian, lelopean Photocalla antolatu zuten Pasai Antxoko Gure Zumardian jarritako —eta ongi lotutako— karpan. 12:30etatik 14:30ak arte herritar asko sartu ziren karpan, Nik Pasaian zioen kartela eskuan zutela.Argazki guztiak, Errenkoalde elkartearen Facebook eta Instagram kontuen publikatuko dira, baita Nik Pasaian egitasmoaren webgunean ere.
Urteak dira, tokiko komertzioak egoera larria bizi dutela, batez ere, globalizazioak kontsumo ereduak dituelako. Tokiko komertzioak haien lekua bilatzen ari diren honetan, Pasaiako Laurak Bat Elkartea herriko komertzioak suspertu nahi ditu, herritarren parte hartzea sustatuz.
Gakoa, pasaitarren atxikimendua erakartzea da. Pasaian 160 denda eta komertzio daude eta horiek eragin zuzena dute herriko ekonomian, lanpostuetan eta garapenean. Laurak Bat-en helburua, 160 komertzioen atzean dauden baloreak gizarteratzea da, herritarrek haien garrantziaz jabetu daitezen.
Hala ere, larunbatean burututakoa egitasmoaren hasiera baino ez zen izan, proiektua eskualde mailako baita. Datozen egunetan tokiko komertzioari babesa adierazteko festak egingo dituzte, Oiartzunen eta baita Trintxerpen ere. Laurak Bat elkarteaz gain, Errenteriako Errenkoalde elkartea eta Oiartzungo Itturri elkartea buru belarri dabiltza eskualdeko komertzioa suspertu dadin.
Hurrengo festa Oiartzunen egingo dute, hilaren 29an (ostirala) Done Eztebe plazan. 16:30ean hasita Itturri Ginkana egingo dute Abaraxkak gidatuta; aisialdi taldeak marrazki tailerra egingo du. 18:00etan helduko da ekitaldi nagusia trikitilariekin batera eta ordu erdi geroago txokolatea banatuko dute. Triki poteoa ere antolatu dute 19:30ean plaza inguruan, eta 20:30ean, berriz, atxikimendu argazki erraldoia aterako dute. Hilaren 30ean (larunbata) ordea, Pasaiak bigarren jai bat hartuko du, kasu honetan Trintxerpek. Laurak Bat-ek bigarren photocall-a jarriko du Euskadi Etorbidean 11:30etatik aurrera.