Itzulia-Basque Countryren etapa bat Errenterian
Apirilaren 6tik 11ra bitartean egingo dute Itzuliaren 60. ekinaldia, eta laugarren etapak, Nafarroatik datorrenak, izango du helmuga Errenteria-Oreretan apirilaren 9an, eta hurrengo egunean, bosgarren etapa ere udalerritik abiatuko dute txirrindulariek Bizkairantz.
Itzulia-Basque Country Errenterian izango da. Itzulia Basque Countryren antolatzailea den Txirrindularitzaren Antolakuntzak eta Errenteriako Udalak akordioa adostu dute Errenteria 2020ko Itzuliaren helmugetako bat izan dadin. Apirilaren 6tik 11ra bitartean egingo dute Itzuliaren 60. ekinaldia, eta laugarren etapak, Nafarroatik datorrenak, izango du helmuga Errenteria-Oreretan apirilaren 9an, eta hurrengo egunean, bosgarren etapa ere udalerritik abiatuko dute txirrindulariek Bizkairantz.
Gaur eman dituzte akordioaren gaineko xehetasun guztiak Itzuliaren antolakuntzako kidea den Julian Erasok, Aizpea Otaegi alkateak eta Maite Gartzia Kirol zinegotziak. Ez dira hitza hartu duten bakarrak izan: Ane Santesteban eta Aritz Bagues txirrindulari profesionalek ere hartu dute parte agerraldi horretan.
UCI World Tourren egutegian Itzulia munduko 27 lasterketa onenen artean kokatuta dagoela azaldu du Erasok, baita Donostiako Klasikoa ere, “pisu handia dugu hor eta oso gustura gaude lorpen horrekin”. Itzuliari nazioarteko ikusgarritasuna emateko erabaki zutela antolatzaileek Euskal Herriko Itzuliari izena aldatu eta Itzulia Basque Country jartzea azaldu du agerraldian.
Gaur egin dute ofiziala Errenteria Itzuliaren etapa baten helmuga eta hurrengo egunekoaren irteera izango dela. Eskerrak eman dizkio Erasok Errenteriako Udalari hartu duen konpromisoarengatik, “herrien konpromisoa beharrezkoa dugu, keinu hori ezinbestekoa da eta aurten Errenteriaren laguntza jaso dugu. Ekarpen horiei esker Itzuliak egin diezaioke aurre duen 1.200.000 euroko aurrekontuari”.
Itzuliak bi egun Errenterian egingo dituela jakitea “oso pozgarria”· dela esan du bere aldetik Otaegik eta eskerrak eman dizkie antolatzaileei parte hartzeko gonbidapena egiteagatik. Euskal Herriak txirrindularitzarekin lotura estua duela ere esan du alkateak, “afizioa handia du eta Errenterian ere hala da, zaletu asko daude eta txirrindularitzarekin lotura berezia ere badu gure herriak, oso ezagunak zaizkigun txirrindulari batzuk Errenteriarrak izan dira eta txirrindulari onak eman ditu gure herriak, eta gaur egun ere maila profesionalean ari diren txirrindulariak ditugu, punta puntakoak eta horren adibide dira Ane (Santesteban) eta Aritz (Bagues)”. Bi txirrindulariei gaurko agerraldiarekin bat egitea eskertu die Otaegik.
Txirrindulari handien sorleku dela esateko arrazoirik ez du falta alkateak. Santesteban eta Bagues ari dira goian une hauetan, baina aurretik, Luis Otaño, Periko Matxain, Julian Andiano, Josean Davoz, Mikel Ugartemendia edo Dorleta Eskamendi aritu ziren txirrindularitzan.
Errenteriatik igaro diren lasterketa garrantzitsuen azken urteetako historikoa ere egin du alkateak, eta gogora ekarri: Itzuliaren etapa bat 1993an hartu zuen Errenteriak, eta 2017an Emakumeen Bira bertan amaitu zen. “Sekulako erantzuna jaso zuten bi horiek herritarren zein inguruko herrietako bizilagunen aldetik, eta seguru gaude 2010ko Itzuliak Errenterian izango duen geldialdi horretan ere herritarrek oso bero egingo diotela harrera Itzuliari, hala espero dugu”. Txirrindularitza festa handian parte hartzeko egun paregabeak izango dira gainera, Aste Santuko oporretan helduko delako Errenteria-Oreretara. Horrekin batera, beste testuingurua jarri dio kirol proba horrek etapa Errenterian izateari Otaegik, “Errenteriaren 700. urteurrena ospatuko dugu datorren urtean eta Itzulia bertatik pasatzea ospakizun horren barruan kokatzen dugu, iruditzen zaigulako kirola ere badela herri izatearen parte eta gutasun hori ospatzeko modu bat”.
Mimo bereziarekin landutako ibilbidea
Herritar ahalik eta gehienei erantzun ahal izateko “mimo bereziarekin” prestatu dutela ibilbidea azaldu du Gartziak: “Nahi dugu pasatzea ahalik eta auzo gehienetatik eta horri lanketa berezia eskaini diogu”. Oiartzundik iritsiko da Itzulia eta Matxain parean estratatik gora igoko dira txirrindulariak Zamalbideraino, bertatik Beraunera joateko. Irunera bidea hartuko du eta Erlaitz mendatea igota Errenteriako Zumardian zain izango dute helmuga. Herritarrak parte hartzera deitu ditu Gartziak, “etapa hau herritarrentzat ekarri dugulako herrira, haiek goza dezaten”.
Bagues Errenterian jaioa da eta Oarsoaldean ibili da beti Txirrindularitzan, Allerrurekin hasiz en, gero Laguntasuna elkartera joan zen, handik Orbeara, handik Muriasera eta datorren urtean Caja Ruralen fitxaketa egin du eta dena ondo bidean Itzulian arituko da. “Printzipioz hori da ilusioa eta taldea horren alde dago, baina auskalo, hasi berriak gara entrenatzen eta apirila oraindik urruti dago”, esan du Baguesek, hitzeman du hala ere Itzulian parte hartzen badu etapa horretan bereziki onena ematen saiatuko dela.
Santesteban debabarrena-Gipuzkoa taldean arituz en (2009-2011); handik Bizkaia-Durangora joan zen (2012-2013); Italiako Ale Cipollinira (2014), Giusfradi Bianchi (2015), Ale Cipollinira berriz ere (2016-2018) eta egun WNT Rotor Pro Cicling taldean ari da. 2017an Errenterian helmuga izan zuen Emakumeen Biraren gainean hitz egin du txirrindulariak, “izugarria izan zen, ezin da hitzekin azaldu, Jaizkibeldik gora oso polita izan zen sentitu nuena”.
Halako lasterketen etapak Errenterian izateak duen garrantzia nabarmendu dute Santestebanek eta Baguesek, “denbora pila pasatzen duzu etxetik kanpo eta beti saiatzen naiz Errenteria mapan kokatzen. Niretzako oso polita da nirekin txirrindularitzan dabiltzanek Errenteria, nire herria ezagutzea. Aritzentzat ezberdina izango da berak aukera izango duelako Itzulian aritzeko, baina niretzat ere oso polita izango da Itzulia hemendik pasatzea”.
Bereziak direla halakoak gehitu du Baguesek, “urte osoa etxetik kanpo pasatzen dugu lasterketetan, etxean gertu ez dut ia lasterketarik eta etxeko lasterketa bat nire herritik ateratzea oso berezia izango dela uste dut”.
Udala, erakunde antolatzaileak eta Errenteriako Laguntasuna Txirrindulari Kluba eta Oarsoaldeko OTXEk lehen harremanak izan dituzte jada kirol proba garrantzitsuaren oinarriak antolatzeko.