1936 aurreko idazleei buruzko solasaldiarekin bueltatuko da Hitzen Lihoa
Fokua emakumeengan jarrita duela, bigarren asteburuari ekingo dio kultur iniziatibak. Sei jarduera ezberdin egingo dituzte.
Lehenengo asteburua arrakastatsua izan zen, eta gaur hasiko du bigarrena. Pasa den larunbatean, Hitzen Lihoa iniziatibak jende andana bildu zuen elizan, performance, dantza eta musika ikuskizunarekin gozatzeko. Igandean, berriz, irakurraldi jarraituak arrakasta handia izan zuen.
Gaur, berriz, ondareari errepasoa emango diote, mahai-inguru batean. Zehazki, 1936 aurreko emakume idazleei buruzko solasaldia egingo dute, Goiatz Labandibarrek gidatutakoa. Iratxe Retolaza, Aurkene Astibia eta Gurutze Ezkurdia arituko dira hizlari, 19:00etatik aurrera, udaletxeko pleno aretoan.
Asteburuan, gehiago
Bihar, bi jarduera programatu dituzte. Elbira Zipitria andereñoari buruzko biopic-a eskainiko dute. Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa emango dute, 19:00etan, pleno aretoan.
Toki berean, 22:00etan, Andre eta jabe poesia errezitaldia eskainiko dute.
Larunbatean, berriz, Ines Osinagaren txanda izango da. Alutik izena jarri dion kontzertua eskainiko du udaletxean. Sarrerak Kastro tabernan eros daitezke, zortzi euroan. Bestela, garestiagoa izango da larunbatean bertan erosita.
Iganderako, antzerki saio bikoitza eskainiko dute. 18:00etan, Behin mundua berea izan zen antzezlana eskainiko dute Lohizune Telletxeak eta Luix Mitxelenak eta Hariak sentikaria, ondoren. Taula gainean Iraia Elias aktorea, Rafa Rueda musikaria eta Nahikari Gabilondo bertsolaria arituko dira, abiapuntu modura galdera bat: “Gure amama eta gure ama zerk batzen zituen?”.