Oiartzungo Udalaren 2020ko aurrekontua %1,8 handiagoa izango da
Mendiburu 14 eraikin berriak hartuko du inbertsioen zati handi bat. EAJ abstenitu egin da aurrekontuen proposamenaren bozketan.
Oiartzungo udalbatzak azaroari dagokion ohiko plenoa egin zuen atzo arratsean. Hemeretzi puntu zituzten mahai gainean, tartean 2020ko aurrekontuen proposamena. 17.649.489 eurokoa izango da, aurtengoa baino %1,8 handiagoa.
Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zituen aurrekontuak, modu ulerterrazean. Irailean egin zuten lehen zirriborroa, ondoren ordenantza fiskalak adostu zituzten, eta azkenik auzoko batzarrak egin zituzten urrian. Horiek guztiak kontuan hartuta diseinatu zituzten udalaren datorren urteko kontuak.
Modu grafiko batean, hiru herenetan banatu zituen aurrekontuak: %33 pertsonalen gastuan inbertituko dute; %32 udalak ematen dituen zerbitzuetara bideratuko da, eta gainontzekoa inbertsio eta diru laguntzetarako izango da.
Hiru ideia
Del Olmok hiru ideietan pibotatu zituen aurrekontu proposamenak. Alde batetik, langileen soldata %2,5 igoko da, KPIri hamarreko batzuk gehituta —eroste ahalmena berreskuratzeko bidean kokatu zuen—.
Nabarmendu zuen bigarren ideia izan zen udalaren zorra milioi batetik behera jaitsiko dela, eta horrek arnasa emango diela udalaren finantzei. Eta hirugarren ardatza Mendiburu 14 erabilera anitzeko eraikina izango da. Aurreko aurrekontuetako inbertsioen atalean, auzoetan egin beharreko hobekuntzak hobetsi dituztela gogorarazi zuen Ogasun zinegotziak.
Datorren urtean aldaketa nagusi egongo da: Mendiburu 14 bezalako eraikin estrategiko batek eramango du inbertsioen zati handi bat. Zehazki, milioi eta erdi euro. Eraikin horrek, gainera, ahalbidetuko du Gizarte-Ongizate zerbitzua Fermiñenera mugitzea, zerbitzu hori duinagoa izateko bidean. Onartu du eraikin berriak aurrekontuaren zati handi bat konprometituko duela, baina geratuko direla partidak beste gauza batzuetan inbertitzeko.
EAJk, abstentzioa
Jeltzaleen udal taldeak iragarri zuen abstentziora joko zuela. EAJren proposamen batzuk jaso dituztela jakinarazi zuen Rafael Bergaretxe eledunak, baina beste batzuekin ez datozela bat. Hondakinen bilketa berriro planteatu beharko litzakeela uste dute, “desfasea” dagoelako. Urkabe Baita etxea beste erabilera batera bideratzea proposatu zuten, zuzkidurazko etxeetara beharrean. Gainera, Udalbiltzari bideratzen zaion dirua ez dute begi onez ikusten, partzuergoaren lanaren berririk ez dutelako.
Eneritz Arbelaitz alkateordeak erantzun zion, esanez Udalbiltzak inbertsioak egiten dituela behar handia duten eskualdeetan (Ipar Euskal Herrian; lanpostuak sustatzeko Nafarroa Garaiko Pirinioetan; eta Erriberan, euskararen esparrukoak). Gainera, hondakinei dagokienez, esan zien —beste udaletako datuekin alderatuz— ez dagoela patroirik bilketa-sistema eta kostuaren artean.
Aurrekontuak behin-behinean onartu zituzten, beraz, EH Bilduren gehiengo absolutua baliatuta. Jexux Leonetek modu onean baloratu zuen EAJren abstentzioa. “Gure helburua ahalik eta adostasunik handienak biltzea da. Beraz, ontzat ematen dugu kontrako botorik ez jasotzea”, gaineratu zuen.
Biohondakinen tarifaren auzia
Beste puntuei dagokienez, auzi baten berri eman zuten. Oiartzungo Udalak 2017an auzibidea ireki zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak biohondakinen tarifa kalkulatzeko moduarekin lotuta. Donostiako auzitegiak ez du Oiartzungo Udalaren errekurtsoa onartu.
Arbelaitzek azaldu zuenez, 2016an tarifa “ikaragarri” hazi zen. Europako zuzentarauen arabera, gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar du. “Biohondakinak asko ordaindu behar ditugu, Donostiako Udalak ez duelako esfortzurik egiten. Gainontzeko udalak kondenatuta gaude”, esan zuen. Horregatik, auzibidea ez dela bere horretan geratuko iragarri zuen; azaldu zuenez, irizpide ekonomikoak gailendu dira epaia ebazterakoan, eta ez ingurumenari dagozkienak.
Beste puntuak
Oiartzungo Udalak Lartaun txistulari taldeari Madalensoro pilotalekuko lokal bat lau urtez utziko die, erabiltzeko. Beste hitzarmen bat ere sinatu zuten: Girizia Mendizale Elkarteari Kontzejuerrekako lokala utziko diete, eta urteko 2.500 euro diru laguntza eman. Biak ala biak aho batez onartu zituzten.