Petra Lekuonako langileek udalbatzaren babesa jaso dute
ELAk mozioa eraman du, hiru puntukoa. Alde batetik, langileei babesa eskaintzea; bestetik, aldundia premiatzea, gatazka konpon dezan; azkenik, greba egunetako dirua itzultzea.
Petra Lekuona zaharren egoitzako langileek 136 egun daramatzate greban, eta atzoko plenoan beraiek eramandako mozio bat aztertu zuten.
Gipuzkoako erresidentzietako langileek lau urte daramate hitzarmenik gabe, eta nabarmendu zuten langileen %98 emakume direla. Soldata arrakala, kale garbitzaileekin alderatuta, 6.000 euro gutxiagokoa dela jakinarazten du Petra Lekuonako ELAko kideen mozioak. Zerbitzuak kalitatezkoa ezin duela izan defendatzen du mozio horrek.
Hiru eskakizun jaso ditu: alde batetik, langileei babesa eskaintzea; bestetik, aldundia premiatzea, gatazka konpon dezan; azkenik, enpresek greba egunetako dirua egoiliarren senideei itzultzea [azken puntu hori onartuta dago].
“Emakumeok, prekarioago”
Miren Riverak hartu zuen hitza, Oiartzungo zaharren egoitzako langileen izenean, eta duten egoera azaldu zuen. “Gehienak emakumeak gara eta horregatik egoera prekarioago batean gaude. Lan hitzarmen bat behar dugu, baina aldundiak eta enpresek uko egiten diote. Azpikontratatuta dauden beste sektore batzuetan gehiago ordaintzen zaie”.
Zaintza zaindu behar dela aldarrikatu zuen Riverak. Zaharren etxetako egoiliarrek arreta gehiago eskatu arren, ez direla iristen kexatu zen: “Orain 104 egoiliar daude gauetan, eta bi laguntzaile besterik ez gaude. Lanetik frustrazioarekin ateratzen gara, ongi ez zaindu izanaren frustrazioarekin”.
EAJ: “Ez dugu daturik”
EAJko udal taldeak bere postura azaldu zuen. Esan zuten gatazkaren alde batean daudela (aldundiaren Ongizate Saila EAJren eskuetan dago), eta eurek, talde bezala, ez dutela daturik.
Hori bai, kezka adierazi zuten greba luzatu delako, eta sindikatu eta patronalari —zaharren etxe gehienak itunpekoak dira; aldundiak finantzatzen du %90ean— akordioetara iristeko eskatu zieten. Era berean, aldundiari eskatu zioten grebak irauten duen bitartean zerbitzuaren kalitatea eta gutxiengo zerbitzuak bermatzeko. Lan gatazka ongi bukatzea opa zuten, “denok buka dezakegulako egoitza batean”.
Jexux Leonet alkateak, bere aldetik, elkartasuna adierazi zien langileei, “izugarria” delako 135 egun greban egotea. Bitartekaritza eskatu zuen lan gatazka bukatzeko. Gainera, gizarteak baloratzen ez dituen bi aldagai batzen direla zehaztu zuen: zaintza eta emakume izatea. Horregatik, lan baldintza duinak eskatu zituen, erakunde bateko kide bezala: “Instituzioetan gaudenok bat egin behar dugu aldarrikapenarekin, eta eskatu behar diogu aldundiari gatazka konpon dezan”.
Botazioan, EH Bilduk mozioaren alde egin zuen, eta EAJ abstenitu egin zen.