Zaldunbordako proiektuaren aurka agertu da plenoa, EAJren abstentzioarekin
Itturi Merkatari Elkarteak mozioa aurkeztu du plenoan, Oiartzungo Udalari eskatuz outlet village proiektuaren kontra azaltzeko, eta Hondarribiko Udalari eskaera egiteko.
Atzoko plenoan, aurrekontuak aztertzeaz gain, Zaldunbordari buruzko mozio bat landu zuten, Itturri Merkatari Elkarteak eramandakoa. Hondarribiko Udalak Gaintxurizketa inguruan egin nahi duen proiektua gaitzestea eskatzen zuen mozioak, eta Hondarribiko Udalari galdegitea bere asmoetan atzera egin dezan.
Itturrik hainbat argudio eman zituen proiektu horren kontra egoteko: sortzen duen enpleguaren halako bi suntsitzen dutela halako proiektuek; sortzen den enplegua prekarioa dela; hirien garapena kaltetzen dutela; eta, Zaldunbordaren kasuan, Jaizkibel eta Aiako Harria lotzen dituen korridore ekologikoan eragingo lituzkeen kalteak. Gainera, gogorarazi dute Irungo udalbatzak aho batez onartu zuela eskakizun hori.
Mozioaren irakurketaren ondoren, Sebastian Galardi Itturriko kideak hitza hartu Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde batzuk kritikatu zituen: “Esaten dute merkataritza txikia sustatzen dutela, baina gero horrelako proiektu handiak ahalbidetzen dituzte”. Lokal komertzialak desagertzen ari direla salatu zuen, eta dendek erosten dioten bitartekari askok ere beren negozioak itxi behar dituztela.
EAJ: “Ez zaio Hondarribiko Udalari aurpegiratu behar”
Talde jeltzaleak, Rafael Bergaretxe eledunaren bitartez, bere jarrera azaldu zuen. Aitortu zuen outlet village batek izan dezakeela eragin handia. “Ez dakigu onerako ala txarrerako, inkognita bat da eragina”.
Hondarribiko Udalari ezer aurpegiratu beharko ez litzaiokeela gaineratu zuen, eta Oiartzunen dauden azalera handiko komertzioak zerrendatu zituen: Carrefour, Brico Depot, Mercadona… “Inor ez zaigu aurpegiratzeekin etorri”, gaineratu zuen Bergaretxek. Gainera, esan zuen lehenengo merkatalgunea Oiartzunen egin zela (Mamut, 1978an; orduko udala ez zen hauteskundeetan hautatu).
Zaldunborda baino lehen beste proiektu batzuk egon direla gogorarazi zuen —Urbil, Garbera, Txingudi…—, eta bakoitzak bere bidea egin duela. Azkenik, udal gobernu taldeari eskatu zion, mozioa onartzea baino, hobe dela Hondarribiko Udalarekin hitzordua eskatu eta haiei helaraztea herriko merkatari eta herritarren kezkak.
Bergaretxek argi utzi nahi izan zuen EAJ ez dela azalera handiko merkatalguneen aldekoa eta euren artean ere eztabaidak izan dituztela. Bat etortze ezak zein aurreko arrazoiek abstentzioaren alde posizionatzera bultzatu zituela argudiatu zuen. Gainera, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearen kontra pertsonalizatutako kanpaina baztertu zuen.
Leonet: “Udalak tragatu egin behar izan du”
Jexux Leonet alkatearen erreplikan, azaldu zuen mozioaren filosofiarekin bat egiten dutela. Salatu zuen outlet villagearen proiektua onartu zela Eusko Legebiltzarrak merkatalguneak mugatzeko bozketaren bezperan.
Jakinarazi zuenez, Oiartzungo Udalak urte asko daramatza horrelako proiektuen kontra borrokan, eskura dituen tresnekin. “Ramon Vizcainoren eremuan eskaintza erakargarria egin ziguten, baina bertan behera utzi genuen. Tresna gehiago behar ditugu, baina legebiltzarraren arau berriak ez ditu nahikoak ematen. Udalak ez du inplantaziorik bultzatu, eta tragatu egin behar izan ditugu”. Oiartzunen kontraesanean jarraituko dutela penatu zen, proiektu askok ezarri nahi baitute denda bat N-1 zenaren inguruan.
Azkenean, mozioa EH Bilduren botoekin atera zen aurrera.