2020ko Euskaraldia saretzen hasiko dira
Euskara Pasaiako lau barrutien plazetara aterako dute bihar. Lehen eta bigarren edizioen arteko erdibidean direla, Euskaraldia saretzera deituko dituzte herritarrak.
Urtebete igaro da Euskaraldiaren lehen edizioa egin zenetik eta urtebete falta da, bigarren ariketari ekiteko. Pasaian motorrak berotzen hasiak dira dagoeneko. Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeek eta barrutietako herritarrek elkarlanean antolatuta, Euskaraldiak Pasaiako lau barrutien plazak hartuko ditu larunbatean goizetik aurrera.
Euskaraldiaren oinarriak gorpuztuko dituzte ekintza ludiko baten bidez; herritarrek arrantzale sareak topatuko dituzte haien desirak bertan zintzilikatzeko. Metafora honek Euskaraldiaren helburuen artean bi irudikatuko ditu: ahobizi eta belarripresten parte hartzea sustatzea, euskaltzaleen sarea zabaltzea, eta euskara plaza publikora ateratzea.
Eskuorri bat izango dute parte hartzaileek. Bertan idatzi beharko dituzte iazko edizioan izandako bizipenak eta hurrengo urteari begirako nahiak, hau da, norekin eta zein espaziotan hitz egin nahiko luketen euskaraz. Jarraian, eskuorri horiek itsasontzi bihurtuko dira papiroflexiaren bitartez eta sarean zintzilikatuko dituzte.
Biharkoa, ekitaldi kolektiboa bada ere, ordutegi ezberdina izango du Pasaiako lau plazetan.
Noiz eta non.
Azaroak 30, larunbata.
- Trintxerpe: Gudarien enparantzan 11:30ean.
- San Pedro: frontoian 12:30ean.
- Donibane: Santiago plazan 13:00etan. Eguraldi txarrarekin frontoian izango da.
- Antxo: Gure Zumardian 18:00etan.