Arditurriko altxor bakarra ez da burdina
Arditurriko parketxeak urteak darama inguruko fauna ezagutzeko ibilaldiak antolatzen. Bihar arratsean urubiak ezagutzeko txangoa egingo dute bertatik, baina badira ezagutu dituzten beste animalia asko. Eta arrakastaz.
Arditurri mendeetan zehar ustiatu dute, bertako barrunbeetatik mea ateratzeko. Hori jakina da. Industria jardueratik hirugarren sektorera jauzia emateko berrasmatze horretan, interpretazio zentroa jarri zuten duela 11 urte.
Hasierako helburua zen meategi izandakoen ondarea dibulgatzea, bisita gidatuen bitartez. Baina eskaintza dibertsifikatu zuten, azkar asko. Horrela azaldu du Itsaso Aritzeta Arditurriko parketxeko arduradunak: “Ibilaldi hauen helburua izan da gure inguruan daukagun hori balioan jarri eta ezagutaraztea. Gainera, aditu baten eskutik egitea beti izaten da oso lagungarria”. Natur parkeari balioa ematen dioten ibilaldiek arrakasta hasieratik izan zutela ziurtatu du Aritzetak.
Gipuzkoako Parketxe Sareko arduradunak elkarren artean koordinatzen dira, ideiak partekatuz eta jarduera berriak sortzeko. “Urte batzuk badaramatzagu egiten txorien kantuena, saguzarrena, narrasti eta anfibioena eta abar. Hortik tiraka ere, beste zein gauza eskain ditzakegun denon artean erabakitzen saiatzen gara. Mahai batean jartzen ditugu ideiak, eta partekatzen ditugu”.
Parketxeetako arduradunek ez dakite zein eta zenbat animalia dauden beren natur parkeetan, zifra horiek teknikariek kudeatzen baitituzte. Aditu horiek izaten dira ibilbideak gidatzen dituztenak.
Biharko prestatu duten ibilaldia, esaterako, urubien ohiturak ezagutzeko balio izango du. “Nerea Pagaldaik gidatuko du. Pagaldai urubiei buruzko ikerketa bat egiten ari da, beka bati esker, eta bera buru-belarri ari da hegazti horiekin: aztertzen ari da, pentsatzen ari da, eta berak ongi baino hobeto kudeatzen ditu datu horiek”. Aritzetak onartu du urubiena egiteke zuten zerbait zela, eta berak ere pozik egingo duen ibilaldia izango dela, hegazti horiei buruz ezer gutxi dakielako.
Arrakasta izaten dute ibilaldiek, parte hartzaileek interes handia dutelako
Izan ere, jakin-min hori da ekitaldien antolaketa lanak pizten dituen txinparta. “Gu beti saiatzen gara prestatzen guk geuk egin nahiko genituzkeen ibilaldiak. Zeri buruz gustatuko litzaiguke gure ezagutza zabaltzea? Bada azkeneko hau izan da urubiena. Txori kantuekin gertatzen zitzaigun. Menditik joaten gara, entzuten ditugu eta ez daukagu ideiarik ere norenak diren”. Adituak handik edo hemendik ekartzen saiatzen dira. Ez bada toki batetik, bestetik izaten dela jakinarazi du. “Normalean”, esan du, umoretsu, Aritzetak, “beti ekartzen dugu norbait, nola edo hala. Gu ez gara adituak, baina mundu honetan mugitzen garenez, beti ezagutzen dugu norbait”.
Parte hartzaile fidelak
Aiako Harria Natur Parkean dagoen fauna ezagutzeko ibilbideek jende ugari erakartzen dutela jakinarazi du Aritzetak. Badaude oso fidelak direnak, eta gutxitan huts egiten dutenak: “Badago jendea izen-abizenengatik ezagutzen ditugunak! Mailing bat egiten dugu, eta hor badugu sare handi bat ehunduta. Sare sozialetan ere jarraitzaile pila bat ditugu, eta hortik ere batzen dira”. Beste parte hartzaile batzuk hurbiltzen zaizkie egunkarian irakurri dutelako, edo lagun batek esan dielako.
Ibilaldiak dinamikoak eta interaktiboak izan ohi dira; hurbiltzen direnak jakiteko gosez joaten dira horietara. “Gauza oso barregarri bat gertatzen da”, aurreratu du Aritzetak: “Askotan galdetzen didate ea zenbat iraungo duen saioak, eta oso zaila egiten zait iraupen zehatz bat esatea. Hori oso baldintzatua dago jendearen interesaren arabera: hasten badira galdetzen, beti luzatuko da. Zuk esaten baduzu ordu eta erdi, agian gero bihurtuko da bi ordukoa edo gehiagokoa”. Baina luzapen hori oso polita dela nabarmendu du, Arditurrira hurbiltzen direnek interesa dutelako eta adituen azalpenek interes hori piztuta mantentzen dutelako. «Askotan gertatzen zaigu denbora konturatu gabe pasatzen dela, eta bukatu behar dugula. Gehiago egongo ginateke, baina…”.
Ibilaldietara hurbiltzen direnen profilak askotarikoak direla zehaztu du: familiak, haurrekin; helduak bakarrik; taldeka… Askotan galderarik harrigarrienak gaztetxoenek egiten dituzte: ”Gaztetxoek batzuetan sekulako galderak egiten dituzte: agian ez duzu espero adin horrekin horrelako galdera bat egitea, heldu batek galdetuko lukeena galdetzea”.
Ibilbideak sinpleak izan ohi dira, erraz egiteko modukoak, eta biharkoan parte hartzera animatu du Aritzetak. 19:00etan irtengo dira parketxetik, eta aldez aurretik erreserba egin behar da: 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara dei daiteke, edo e-posta helbidera idatzi. Linterna eramatea komeni dela esan dute.
Aritzetak gogorarazi du beraiek astebururo daudela han, eta meategi zirenak bisita daitezkeela larunbat eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara. Aurrez erreserbatzea komeni dela gaineratu du, telefonoz edo e-posta bidez idazten. Hori guztia Arditurrin, duela milaka urteko toki berean.