Genero berdintasuna politika publikoetan txertatzeko formazioa jaso dute udalean
Oiartzungo Udaleko 24 teknikarik bost formazioa saio jaso dituzte, bi adituren eskutik. Berdintasun npolitikek ildo nagusia izan behar dute erabaki guztietan.
Udaleko 24 teknikarik mainstreaming ikastaroa jaso dute, politika publikoetan berdintasun praktikak ildo nagusi izan behar dutela jabetzeko. Politika horiek gauzatzeko baliabideak jaso dituzte, halaber. Bost saiotan, 22 orduko formakuntza jaso dute bi adituren eskutik: Isabel Alonso Cuervo eta Marixe Noya. Saio presentzialez gain, ariketa praktikoak ere egin dituzte, on-line.
Europako Batasuneko, Espainiako estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeek diote berdintasun politikek politika publikoen ildo nagusiak izan behar dutela, arlo guztietan eta politika horien momentu guztietan. Era berean, ez diskriminatzea nahikoa ez dela adierazten du legeak, eta politika aktiboak behar direla.
Horregatik, udal langileak eta politikoak formatu behar dituzte, honako esparruetan: feminismoa, generoa, berdintasun politika, arlo bakoitzean nola eragiten duen, berdintasun politika garatzeko baliabideak…
Arlo askotako teknikariak
Berdintasun politika horiek aurrera eramateak formazioa behar dute, eta udalak horregatik prestatu ditu saioak. Udalaren lehenengo berdintasun planerako beharrezkoa izango dela adierazi dute.
Formakuntza saio hauetan arlo ezberdinetako teknikariek parte hartu dute: artxiboa; biblioteka; brigada; Euskara; Giza baliabideak; Gizarte-Ongizatea; Idazkaritza; Informatika; Hirigintza; Kirola eta gazteria; Kontu-hartzailetza; kontratazioa eta udaltzaingoa.
Berdintasun Legearen marko juridikoa kokatu, genero ikuspegia politika publikoetan txertatzeak dauzkan ondorioez jabetu eta sailetan baliabideak aldatzen joatea izan du helburu formakuntza saio honek. Bereziki landu dira datuen segregazioa, abiapuntuko egoeraren azterketa genero ikuspuntutik nola egin, diru-laguntza eta kontratazioetan nola sartu genero klausulak, udal teknikariek zuzen-zuzenean lantzen dituzten gaiak.