Euskararen haritik tiraka
(H)arian euskararen astea antolatu du Orereta Ikastolak abenduaren 2tik 5era. Ospakizunen artean, Lapurdiko zenbait ikastola laguntzeko Anje Duhalderen elkartasun kontzertua prestatu dute
Euskararen Egunaren harira egitarau oparo bezain zabala osatu du Orereta Ikastolak abenduaren 2tik 5era bitartean: (H)arian euskararen astea. Askotariko jarduerak ondu dituzte ikastetxeko arduradunek, musika, bertsolaritza, literatura eta beste hamaika diziplinekin lotuta. Horien guztien artean, elkartasun afari musikatua antolatu du hezkuntza zentroak azken egunerako, Anje Duhalde abeslari ezagunaren eskutik.
Luzatu Esku(h)ara iniziatibaren aterkipean, Luzatu Eskua Hara eta Luzatu Eskura lelopean hitz jokoa eginda diru bilketa garatzeko xedea duen musika afaria da datorren abenduaren 5ekoa. Zubiak Eraikiz proiektuaren bitartez antolatutako elkartasun hitzorduak Lapurdiko hainbat ikastola ekonomikoki laguntzera bideratuko du bildutakoa, hala nola Hendaiakora, Biriatukora, Urruñakora eta Ziburukora.
Zubiak Eraikiz egitasmoak bost urte bete dituen arren, Luzatu Esku(h)ara ekitaldiari heltzen dioten bigarren aldia izango da aurtengoa. Lehenengoan, 2017an, Benito Lertxundiren doinuak taularatzea lortu zuen ikastetxeak. Hitzordu hunkigarria izan zen hura, ez soilik helburu solidarioagatik, baita oriotarrak 27 urte zeramalako kontzerturik eskaini gabe Errenteria-Oreretan ere.
Oraingoan, baina, Arrigoitzeko (Lapurdi) musikariaren txanda iritsi da. Ibilbide luzea egin du Duhaldek Euskal Herriko txoko guztietako oholtzetan han-hemenka bere doinuak lau haizetara zabaltzen, eta euskaldun ugariren belarriak gozamenera eramaten.
Hala, lapurtarraren musika aditzeko gogoz daudenek horretarako aukera izango dute abenduaren 5ean. Lehenik eta behin, afaria emango die musikazalei Euskal Parrilla taldeak, 21:00etan hasita. Entsaladak, oilaskoa eta saiheskia plantxan, postrea eta kafeak osatuko dute menua. Ondoren, 22:15 inguruan ekingo dio Duhaldek Merkatuzar gunea girotzeari. 400 lagunentzako lekua dago Merkatuzarren, eta txartelak 30 euroan daude salgai Errenteriako Xenpelar kultur dendan, ikastolako bulegoetan edo www.oreretaikastola.eus webgunean.
Harremanak sortuz
Euskal Herria banatzen duten hiru administrazioek eragindako muga administratiboez gain, banaketa horrek sortutako muga psikologikoak gainditzea izan zen Orereta Ikastolak egindako hasierako hausnarketa, Leire Arrizabala komunikazio arduradunak azaldu duenez. «Oreretan, gertutasun geografikoagatik-edo puntu estrategiko batean gaudela esan dezakegu, bai Nafarroara, bai Ipar Euskal Herrira begira», zehaztu du, eta gogoeta hartatik abiatuta, ikastolen artean zubiak eraikitzea planteatu zuten.
Hendaiako, Biriatuko, Urruñako, Ziburuko eta Oreretako ikastolek osatzen dute Zubiak Eraikiz egitasmoa. Kilometro gutxiren bueltan dauden ikastetxe horien arteko harremana sendotzea, pedagogia ezberdinetatik ikastea, haurrek ikastaroen funtzionamendu ezberdinak ezagutzea, eta lagunak egitea izan ziren hasierako lan ildoak edota helburu nagusiak. Are gehiago, «ikasleek istorio eta historia pixka bat ezagutzea nahi genuen, baina beste modu batez», gaineratu du komunikazio arduradunak. Bestalde, Orereta Ikastolaren ikuspuntutik beste xede bat ere zegoela onartu du Agirrezabalak: «Ipar Euskal Herriko ikastolei gure sostengua eta babesa eskaintzea».
Hasierako hartu-emana horrela sortu zen, eta denbora igaro ahala harremana gorpuzten joan zen, beste jarduera jakin batzuei heltzea erabaki zuten arte. Hari hartatik tiraka jaio zen Luzatu Esku(h)ara Ipar Euskal Herriko ikastola horiei sostengu ekonomikoa eskaintzeko iniziatiba. Zenbakietatik harago erreparatuta, jakina da Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera ekonomikoa zailduz joan dela azken urteotan. Hortaz, ahal den neurrian diru laguntza hori lortzeak gurasoek egin beharreko gastua arintzen laguntzen du.
Ikastola jakin horien arteko bisitak edota txangoak, elkarrekin ekoiztutako bideoak, ikasturte bukaeran bertako familiekin igarotako gaua, talde ezberdinen arteko lankidetza, eta beste hamaika ekintzek sortutako harremanak konplizitatea izan du emaitza nagusi, Agirrezabalaren iritziz. Horrela definituko luke komunikazio arduradunak hitz bakar batean urteen joan-etorrian sortutako hartu-emana. «Orain dela urte batzuk pasa zenuen egoera horretan beste batzuk daudela dakizu, eta aurrera egin daitekeela badakizulako, suposatzen duen esfortzua ezagutzen duzulako, baina aldi berean, helburuak bete daitezkeela jakin badakizulako». Hori guztiagatik uste du arduradunak konplizitate hitza dela harreman hau definitzen duen terminorik egokiena.