Ines Osinaga: "Biluztuta igotzen naiz oholtzara, ezkutu eta botarik gabe"
Ines Osinaga musikari arrasatearrak 'Alutik' taularatuko du bihar arratsean, udaletxeko pleno aretoan, 22:30etik aurrera.
Hitzen Lihoaren gonbidatuta, Ines Osinaga musikari eta kantariak kontzertua emango du bihar arratsean, pleno aretoan, 22:30ean hasita. Alutik emanaldia eskainiko du. Bera bakarrik igoko da oholtzara, eskusoinua eta makina txikiak hartuta. Sarrerak Kastro tabernan eros daitezke, zortzi euroren trukean (bihar, bertan, hamar).
Bihar eskainiko duzu Alutik ikuskizuna. Izen horrekin jatorrira buelta eta sormena irudikatu nahi al dituzu?
Alutik hasten da guztia. Eta alutik pasatzen dira gauza oso inportanteak. Alutik naiz ni, baina alutik gara gu ere bai. Aluan dauzkagu zauri minenak, baina baita ere plazerik handienak. Hortik doa. Alutik naiz ni neu, beste ezer gabe eta oso gorputzetik. Kantatzen diet gorputza zeharkatzen didaten gauzei, eta gorputzak zeharkatu ostean. Izena egokia iruditu zitzaidan nire bizitzako momentu hau irudikatzeko, baita alua bera aldarrikatzeko ere, nire emetik.
Oholtzara bakarrik igotzen zara. Zer nolako kontzertua ikus-entzun ahal izango da?
Badirudi Alutik-ekin zerbait berria aurkezten ari naizela, baina azken bi urteetan egiten ari naizena besterik ez da. Azken bi urteetan gauza pila bat egin ditut, eta nik bakarrik ere kontzertuak eskaini ditut. Baina bai neukan gogoa denari jartzeko ildo narratibo edo diskurtso bat.
Orain arte ez naiz egon gonbiten zain, baina bai nire ibilian jasotzen nituen gonbit horien zain. Orain nahi nuen nik aukera sortu, nik markatu erritmoa, nik aukeratu tokiak —ez nuen edozein tokitara joan nahi—… Alutik da plaza jasangarri baten alde egiten duena. Horrek esan nahi du edozelako gorputz edo pertsonak hurbil daitezkeela. Kontzertu guztietan ez dugu denok tokirik: izan daiteke ez dugula espazio segururik; edo ordutegia ez delako egokia; edo leku erosoa ez delako… Bira honetan bai hartu nahi izan dudala kontuan.
Bada ziklo baten amaiera, bizpahiru urte hauetan sortzen, begiratzen, sentitu, egin eta entzuten ari naizena sentitzen dut amaitzen ari dela, eta beste nonbait jaioko naizela berriro. Orain daukat gogoa berriro plazetara ateratzeko.
Trikitiarekin urteak daramazu, musika elektronikoarekin nahastu duzu hainbat urtez… Orain biluzik ateratzen zara oholtzara.
Bai, bai. Orain biluzik ateratzen naiz. Erabaki kontzientea da biluztasun hori; ez dut ezkuturik ez botarik jantzi nahi kantatzeko. Orain kantatzen dut garbitik, ahulgarritasunetik, eta hori da bere indargunerik nagusiena. Hor biluzten naiz —edo saiatzen naiz—, eta sortzen diren momentuak oso magikoak dira, intentsitate handikoak. Bidaia hori egiteko prest dagoena eta irekia dagoena, sentitzen ditu zer diren Alutik-en mugitzen diren gauzak. Gauza zoragarriak gertatu dira saio hauetan.
Publikoarekin bat egitea dago?
Asko esatea da, baina bideratzen da energia bat. Urte asko daramat plazara ezkutu batekin igotzen, ez zegoelako egoteko beste modurik, eta oraingoan prest nago ezkuturik gabe igotzeko. Borroka eta konkista asko egin ditugu; oraingoan beste modu batean igotzeko gogoa nuen.
Musika elektronikoa aipatu duzu, eta oraingoan soinuaz jantzita ateratzen naiz. Soinua da nire tresnetariko bat, gauzak kontatzeko, makinak ere ateratzen ditut soinuekin jokatzeko…
Erabaki kontzientea izan da ezkuturik gabe ateratzea. Zergatik orain? Aldarrikatzen duzun zaintzarekin zerikusirik al dauka?
Zaintza erdigunean jartzeak ezinbestean transformatzen ditu alor guztiak. Bizitza erdigunean jartzeak, azkenean, gauzak beste modu batean egitera garamatza, bai musikaria izan, bai sukaldaria, bai edozer gauza. Nire ni sortzaile hau aldatu da, ni aldatu naizen aldetik. Zerbaiten ondorioa izan da, noski, baina ezkuturik gabe ateratzea bai izan dela kontzientea.
Konturatu naiz urteetan agertokira igo naizela identitateak jantzita; igo naizen bezala, erantzita ere igo daitekeela. Horrekin jolastu dudan bezala, orain bai daukat gogoa agertzeko horrela, biluzik eta gordinik. Askotan, eragiten duen asaldura askoz handiagoa da edozein ezkutuk edo botek sor dezaketena baino.
Arriskatuagoa al da horrela ateratzea?
Ez dakit arriskatuagoa den, baina momentu honetan bai dela zintzoagoa. Eta alutik ateratzen zaidalako, hori egin nahi dudalako momentu honetan.
Aurtengo Hitzen Lihoak-ek emakume sortzaileengan jarri du fokua. Zu zeu, emakume sortzaile bezala, lupa gainean izango bazenu bezala sentitu al zara? Exijituago, kritikatuago sentitu al zara ?
Etengabe, eta hori guztia baino gehiago. Uste dut ariketa inportante bat dela pentsatzea zer suposatzen duen emakume sortzailea izatea, zer den ertzetik sortzea, euskaraz sortzetik ere zer gertatzen den bezala. Ez da gauza bera hegemoniatik sortzea. Gu bizi garen gizartean bada ertzetik sortzea, jaso ditugun erreferenteak ez direlako gureak bezalakoak, beste erreferentzia batzuk jaso ditugulako. Eta gure lekuak konkistatu behar izan ditugu, epai zorrotz baten pean egiten dugulako gure sorkuntza lana.
Ariketa polita izan da honen guztiaren kontzientzia hartzea. Ezinbestekoa da beste emakume sortzaileekin saretzea. Azken urteetan gertatu zaidan gauzarik zoragarrienetako bat izan da beste emakume sortzaile batzuekin batera sortzea, eta bestelako sorkuntza, bideak, lagunak, orduak posible direla ikustea. Posible dela zaintza erdigunean jartzen duen sorkuntza bat egitea, alegia. Posible dela ez hainbeste emaitzari, baizik eta bideari, plazerari, gozamenari eta abarri emandako sorkuntza bat egitea. Gauza horiek guztiak deskubritzea gozamena izan da, eta ezingo nuke egin emakume sortzaileen babes eta laguntzarik gabe.
Hitzen Lihoa bezalako iniziatibek laguntzen al dute emakumeen sorkuntza azaleratzen?
Badirudi horrelako iniziatiba pila bat daudela, eta emakumeak daudela erdigunean. Hori ilusio bat besterik ez da. Uste duguna baino aukera gutxiago daukagu guretik kantatzeko, sortzeko, bestelako traje batzuetan kabitu beharrik gabe. Bai dira ederrak horrelako aukerak, eta zer demontre, beharrezkoak dira horrelakoak, elkarri erreferentzialtasuna emateko, hori baita elkarri egin diezaiokegun oparirik onena. Sinesten dut horrelako aukerek bestelako sinesgarritasuna ematen dietela bestelako ertzei. Badirela musikari eta sortzaile izateko hainbat manera, eta horrek guztiok aberasten gaituela, ez bakarrik emakumeok.
Eskusoinuari infernuko hauspoa esaten zitzaion, demonizatuta zegoelako. Orain emakumeen sorkuntza izan daiteke demonizatuta dagoena, ertz batean dagoelako?
Emakume sortzaileak gehiago garela eta hegemonia dugula ilusio faltsu bat besterik ez da. Boterea ez dago gure eskuetan, eta boterea ez dago gure aluan. Hortik aldarrikatzen dugu guk, hortik kantatzen dugu, eta hortik egiten dugu borroka. Ez gara boteredunak… baina horrek ez gaitu egiten ahulago.