Labandibarrek akzesit saria lortu du Gabriel Aresti ipuin lehiaketan
Bilboko Udalak antolatzen duen literatur lehiaketan saria eraman du idazle oiartzuarrak, 'Senide kontuak' ipuinari esker.
Bilboko Udalak antolatzen dituen hiru literatur lehiaketetako sariak banatu dituzte gaur goizean Bizkaiko hiriburuko udaletxeko Areto Arabiarrean. Goiatz Labandibar oiartzuarrak hantxe jaso du Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren XXXVI. ekitaldiko lehen akzesita.
Senide kontuak ipuinari esker lortu du saria. Amerikanuen familia baten gorabeherak oinarri hartuta, ipuin ondu du idazle oiartzuarrak. Lehenengo saria —euskarazko sailean— Iñaki Irasizabalek eraman du, Epailearen aginduz lanagatik. Bigarren akzesita Asier Serranorentzat izan da, Gure Gernika Galduak ipuinagatik.
Arestiren omenez antolatzen diren ipuin lehiaketez gain, beste bi idazle bilbotar ohoratzen dituzte literatura sarietan: Blas de Otero eta Miguel Unamuno. Oteroren omenezko lehiaketara poesia lanak aurkezten dituzte, eta Unamunorenena, berriz, saiakerak.