Empalabramiento tailerraren bigarren txanda hasi da
Alfabetatze premiak dituzten bederatzi emakumerekin hasi da bigarren txanda. Kultura eta jatorri ezberdinetako emakumeak dira.
Empalabramiento tailerraren bigarren ekitaldia martxan da. Jatorri eta adin ezberdinetako bederatzi emakume hartzen ari dira parte, Nerea del Campo irakasleak gidatuta. Alfabetatze premiak dituzten emakumeei zuzenduta dago, eta idazteko eta irakurtzeko oinarrizko ezagutzak emango dizkiete.
Alfabetatzearen bidez, emakumeen arteko harreman sareak sortzea, kultur arteko trukeak ahalbidetzea, herriko jarduera ludiko eta kulturaletan parte hartzen laguntzea, autoestimua hobetzea, gaitasun komunikatiboak hobetzea eta ahalduntzea ere sustatzen ditu Empalabramiento-k. Alfabetatzea bera genero ikuspegia landuz egiten dela jakinarazi dute.
Tailerra hasi den arren, oraindik izena eman daitekeela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. “Herritar eta eragileei tailer hauen onuradun izan daitezkeen emakumeei proiektuaren berri ematea eskertuko genuke”, adierazi du udalak.
Informazio gehiago behar duenak, 943 49 05 52 telefono zenbakira dei dezake, edo udaleko feminismo sailera idatzi. Saioak asteazkenetan izaten dira, 14:30etik 16:30era, udaletxean.