Bi Bemol, Buskers lehiaketako finalean garaile
Ostegun arratsean jokatu zuten finala, Donostiako Gabonetako Azokan. Bigarren Donostia Buskers Festibala izan da aurten jokatu dutena.
Edurne Saizar eta Amaia Mitxelena oiartzuarrek osatutako Bi Bemol taldeak bere izena zizelkatu du Donostia Buskers Festibaleko palmaresean. Ostegun arratsean jokatu zuten lehiaketa horren bigarren ekitaldiko finala, Donostiako Gabonetako Azokaren barruan.
Bost finalista jarri ziren mikrofonoaren aurrean, eta epaimahaiaren iritziz, bikote oiartzuarra izan zen onena. 1.200 euroko txekea jaso zuten irabazleek, eta horien erdia etxean geratuko da: Mamuteko Rockmusic dendan gastatu beharko dute.
Bigarren postua Maria Martinezek jaso zuen, eta 800 euroko txekearekin saritu zuten. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen saria—haiek dira lehiaketaren antolatzaileak—, berriz, Iker Gutierrezek jaso zuen. Gainontzeko finalistek otordu baterako baleak jaso zituzten.
Urriaren 10 eta 13 artean egin zuten Buskers lehiaketaren lehenengo fasea, eta ostegunean izan zen finala.