Artzaintza, Soinuenearen Udazkeneko Kontzertuaren ardatz
'Irasko. Maya-Aguirre un siglo de pastoreo en Falces' dokumentala eskainiko dute ostiralean, eta igandean, 'Trailhares' musika eta dantza ikuskizuna.
Biarnoko artzainak [Argazkia: Felix Arnaudin]. Soinuenea Fundazioak urtaro honetako jarduera prest dauka. Bi ekitaldi prestatu ditu astebururako. Udazkeneko gaia artzaintza izango da.
Lehenengo ekitaldia ostiralean —hilak 13— izango da, udaletxeko pleno aretoan. Maya-Aguirre, artzaintza mende bat Faltzesen dokumentala eskainiko dute, 20:00etatik aurrera. Javi Martinez Faltzeseko artzainari buruzko ikus-entzunezko material ugari pilatuta zegoen, eta Juan Mari Beltranek dokumentala osatu zuen.
Bertan, Maya-Agirre familietako kideek 100 urtetan artzaintzaren inguruan izan duten bilakaera bildu da: transhumantziak Andiara, Bardeetara eta Ekizara; bildotsen jaiotzak; ardien markaketa; artaldearen hotsak; eta artzainen eskulanak.
Igandean, ikuskizuna
Udazkeneko Kontzertua, berriz, igandean izango da. Tralhaires per delà lo blu de las montanhas [Bidea egiten dutenak, mendien urdinaren atzetik, okzitanieraz) ikuskizuna eskainiko dute, Joan Frances Tisner konpositore, ikuskizun sortzaile eta LO Nau konpainiaren zuzendari artistikoak osatutakoa.
Juan Mari Beltranek artzaintzaren munduarekin lotura duten hainbat doinu joko ditu eta Ortzadarreko dantzariek Nafarroako Erriberako makila dantzetan oinarritutako koreografia berri bat taularatuko dute.
