Bazterketa egoeran dauden gazte migratzaileen egoera mahai gainean
Errenteria-Oreretan, aurten, eztabaida handi baten objektu izan direla eta horregatik jarri dutela jardunaldien fokua beraiengan ere esan du Carrerek, "errealitate horren gainean arituko gara".
Gizarte bazterketa egoeran dauden gazte migratzaileen gaineko jardunaldiak antolatu ditu Sos Arrazakeriak ostiralerako. Jardunaldiaren gaineko xehetasun guztiak gaur eguerdian egindako agerraldian eman dituzte SOS Arrazakeriako Gerar Carrerek eta Jenny Mabel Choquetopa Arandak.
Jardunaldia, migratzaileen gainean SOS Arrazakeriak egiten dituen sentsibilizazio programen barruan kokatu du Carrerek, eta udalak laguntzen duela zehaztu du. Gizarte bazterketa egoeran dauden migratzaileak edota migratzaileen seme-alaben gain fokua jarri nahi izan dute jardunaldiarekin, bereziki jatorri magrebtarra duten gazteen gainekoa izango dela esan du, “bazterketa egoeran, kalean bizitzen ari diren horietako asko magrebtarrak direlako. Aldundiaren arrera etxeetan izaten dira eta adin nagusikoak bihurtzen direnean egoera zailean gelditzen direnak”.
Errenteria-Oreretan, aurten, eztabaida handi baten objektu izan direla eta horregatik jarri dutela jardunaldien fokua beraiengan ere esan du Carrerek, “errealitate horren gainean arituko gara”.
Jardunaldia egun osokoa izango da eta bi zati izango ditu. 09:30ean hasiko da eta Aizpea Otaegi alkateak eta SOS Arrazakeriako kide batek aurkezpena egingo dute. Ondoren gazte horien errealitatearen gaineko eztabaida irekia egingo dute eta horretarako Mohammed Bouchamir Gizarte Bitartekaria eta Tangerko Wasata sin fronteras elkarteko kideak hartuko du hitza, bere esperientzia bildutakoekin partekatzeko. Iman El Addid Ex Menas de Barcelon elkarteko kideak hartuko du hitza ondoren, Gazte migratzaileen sufrimendua Europan goiburua duen hitzaldian.
Eztabaida kokatuko dutela Bouchamir eta El Addidek azaldu du SOS Arrazakeriako kideak, eta ondoren eztabaida txanda zabalduko dutela. Eztabaida horretan SOS Arrazakeriak gonbidatu dituen hainbat eragilek hartuko dute parte: “Oarsoaldeko lau udaletako gizarte zerbitzuetako, inmigrazioa eta gazteria teknikoak, arlo horietako zinegotzi arduradunak, gazteak eta gazte migratzaileekin lanean ari diren elkarteak —tartean Kolore Guztiak eta Harrotu Ileak elkarteak—, ostalariak, Errenkoalde, eta Errenteriako Auzo Elkarteak gonbidatu ditugu parte hartzera”. Eztabaida, beraz, eragile horien artean egingo dute. Eztabaida horretarako, azken hiru hilabetean inkesta txikia egin du herritarren artean SOS Arrazakeriak, “gazte migranteen gainean zein iritzi eta zein irudi duten galdetu diegu”; txosten bat egin dute inkesta horiek abiapuntu hartuta Gizarte Psikologiako Fakultateko bi ikasleek eta Choquetopa bera ere eta eztabaida aurretik aurkeztuko dute tresnak izateko.
Arratsaldez berriz, 16:00etatik 18:30era egingo dute jardunaldia. Lanketa berezia izango du, justiziaren lehengoratze zirkulua antolatu baitute. Kanadan sortutako kontzeptua da justiziaren lehengoratzearena, eta helburua delinkuentzia edota bestelako gatazken konponbidean biktimari protagonismoa ematea da, “batez ere biktimarekin pentsatuta aritzen da, baina delitua egiten duen pertsonari ere ematen dio lekua —azaldu du Carrerek— harremanetan jartzen saiatzen da entzun daitezen, eta biktimak nolabait ere izan dezan jaso duen delitu horren ordain bat”. Zirkulu horretan, teknikoek, gazteek, gazteekin lan egiten duten elkarteak, merkatariak, ostalariak eta auzo elkarteek hartuko dute parte, “bakoitzak bere ikuspegia mahai gainean jar dezan, hitz egin dezaten, eta enpatia lortu ahal izateko”. Zirkulu hori EHUko Kriminologia Institutuko kide batek gidatuko du.
Jardunaldien bidez ez direla irtenbide handiak aterako esan du Carrerek, “bazterketa egoeran dauden gazte migratzaileen errealitateari heldu nahi diogu, eta errealitate horrek eragiten dituen ondorioei heldu modu kolektiboan, mahai gainean jarri alternatiba edo ideiak neurri polizialetatik harago doazenak eta sarea sortu elkarrizketa bideak zabaltzeko. Bide ezberdin bat hastea da helburua, hitz egitea eta aztertu zer egin dezakegun modu kolektiboan”.
Jardunaldia Reina aretoan izango da.