Gabonak, oparo Lezon
Gabonetako egitarauaren lehen astean sartu da Lezo. Igandean, San Tomas azoka egingo dute Karlos Saldise plazan.
Jada kaleko Gabonetako argiak piztuta, orain, ekitaldi zaparrada. Udalak eta herriko eragileek elkarlanean Gabonetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 5era arte luzatuko dira, egun horretan klasiko diren Pirritx., Porrtx eta Marimotots pailazoen emanaldira arte, eta Errefe Magoen desfilera arte. Tartean, asko eta asko: Olentzero eta Mari Domingi, kantu jira, kopla zaharrak, antzerkia, Tomas Garbizu Musika Eskolako kideen emanaldiak, Muxiko Festa… Eta igandean, San Tomas azoka.
Nabarmentzekoa da, hala ere, aurten ere Gabonetako Disko eta Liburu Azoka egingo dutela Kultura Aretoan. Hilaren 13an (ostiralean) zabalduko dute, eta 20an itxi. Euskal liburu eta diskoak erosteko aukera izango da bertan, Durango txikia balitz bezala. Gainera, bertan 20 euroko erosketa egiten bada, udalak sei euroko bonua emango die erosleei, euskal literaturan inbertitzeko. Azoka 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik egun horietan.
Jarraian, aste honetako Gabon ekitaldiak. Ondoko PDFan, ekitaldi guztiak: Lezoko Gabonetako egitaraua (PDF artxiboa da).
Gaur (asteartea)
- 18:00etan Tiñelun, talo ikastaroa.
Bihar (hilak 11, asteazkena)
- 18:30ean, Andreone Udal Liburutegian, Urt Zubiaurrerekin Pereirak dioenez literatura solasaldia.
Hilak 13, ostirala
- Kultura Aretoan, Euskal Disko eta Liburu Azoka zabalik. Ordutegia: 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik egun horietan.
- 17:30ean, Gezala Auditoriumean, Etxe txikiena haur antzerkia, Anita Maravillasek aurkeztua.
Hilak 14, larunbata
- 12:30ean, Gezala Auditoriumean, Tomas Garbizu Musika Eskolako bandaren eta talde koralaren kontzertua.
- 17:00etan, Gezala Auditoriumean, Lezoko Zinema Ttikiaren saioa: Oin handiren semea.
- 19:00etan, Gezala Auditoriumean, Lezoko Zinema Ttikiaren eguneko bigarren saioa, familientzat: Soinujolearen semea.
Hilak 15, igandea
- 11:00etatik, Karlos Saldise plazan, San Tomas Azoka.
- 20:00etan, Gezala Auditoriumean, Dracula antzerkia.