Hitzak, berpizten jarraitzeko
Hilaren 21ean lehenengo herri aldizkaria kaleratuko du Piztu Lezok. Partekatzeko kutsua izango du lehen aleak; herriko dendetan jaso ahal izango da.
Lezoko gazteek tinko jarraitzen dute herria eta herritarrak berpizteko apustuarekin. Azken urtean bereziki, herriko eragile ugarirekin harremanak egonkortu dituzte, Piztu Lezo dinamika sortuz. Eta urte osoko jardunaren artean, bestelako egitasmoak sortzeko tartea ere atera dute. Hala, San Tomas Egunean zehazki, euren lehen —baina ez azken— idatzizko lana kaleratuko dute, aldizkari oso berezia.
Garai bateko Orratx! herri aldizkaria berreskuratzeko apustua egin dutela azaldu du Piztu Lezo taldeko kide Aitor Salaberriak, baina, «estilo propioarekin» landu dutela, noski. «Gazteei lotutako gaiak gehiago lantzeko eta horretan sakontzeko hasi ginen ideia honekin. Hutsune bat egon da beti Lezon, oso informazio gutxi jasotzen dugu», azaldu du. Hutsune hori betetzeko asmoz, kazetari, idazle, diseinatzaile eta itzultzaile jantzia hartu dute Lezoko dozenaka bat gaztek azken hilabeteotan.
Aldizkari berriak 32 orri izango ditu orotara, guztiak koloretakoak, eta euskara hutsean argitaratuko dute. Halere, zenbait testutan Lezoko hizkera ere erabili dutela azaldu du lezoarrak. Kronikak, iritzi artikuluak, kultur kritikak, erreportajeak, denbora-pasak, agenda, umore sekzio bat… Ez dute atalik landu gabe utzi. Eta bertan jorratutako gaien artean, euskararen erabileraren beherakada, Karlos Saldiseren erailketaren urteurrena, edota gaztetxeen inguruko auziak aurki daitezke, besteak beste.
Lehen zenbakia eskuratzeko interesa dutenek herriko komertzioetara jo beharko dute. Izan ere, Lezoko denda, taberna eta establezimendu guztietan aldizkariak banatuko dituzte, bertako erosleek irakurtzeko aukera izan dezaten. «Aldizkariak partekatzeko kutsua izatea nahi dugu, esku batetik bestera jauzi egin dezan», azaldu du Salaberriak. Datozen zenbakiei begira, harpidetza moduko bat sortzeko asmoa dutela azaldu du, interesdunek etxean bertan jasotzeko aukera izan dezaten. Fisikoaz gain, hedabidea PDF formatuan ere zabaltzeko asmoa du Piztu Lezok, hortaz, lezoar guztiek sakelakoan edota ordenagailuan doan jaso ahal izango dute.
Datorren astean lehena helduko bada, bigarrena irakurtzeko lau hilabete itxaron beharko dituzte herritarrek, urtaro bakoitzarekin batera helduko baita zenbaki berri bakoitza. Horregatik, Salaberriak aldizkari bakoitza poliki-poliki eta patxadaz irakurtzeko gomendioa eman du, barrez.
Igandean, aurrerapentxoa
Aldizkaria ia-ia erabat amaituta duten arren, oraindik ez dute izenaren berri eman nahi izan. «Aldizkariaren izena ezkutuan gorde nahi izan dugu, irakurleei sorpresa bat emateko », dio Salaberriak. Halere, etziko San Tomas azoka probestuko dute lezoarrek aurrerapentxo bat irakur dezaten. Taldeak berak jarriko duen truke azokaren ondoko postutxo batean lehen aldizkariaren portada eskuragarri jarriko dute, egun osoan zehar.
32 orriko argitalpena osatzea lan handia izan dela onartu dute taldeko kideek, baina batez ere, egindakoak merezi izan duela. «Idazle edo kazetari izan gabe, zerbait sakon aztertu eta idaztea ariketa ederra izan da guretzat», azaldu du Piztu Lezoko kideak.
Lehen zenbakiak bereziki gazteei bideratutakoak izango direla dio, baina etorkizunari begira publikoa zabaltzeko apustua egingo dutela zehaztu du. «Lehen zenbakiak bereziki gazteei begirakoak izan arren, badugu herri mailako aldizkari bat sortzeko asmoa, adin tarte guztiak erakartzeko», gehitu du.
Salaberriari eta alboan lanean dituen gazteei antzeman dakieke Piztu Lezok etorkizuna duela. Oso pozik daude lezoar gazteek —ez ez hain gazteek— emandako erantzunarekin, eta orain arte ezinezkoa izan den gauza bat lortu dute: adin tartea zabaltzea: «Gazteenek 18 eta helduenek 28 urte inguru dituzte. Adin tarte handi bat mobilizatzea lortu dugu, eta gainera, harreman oso estua sortu da guztion artean».
Aldizkaria irakurtzera gonbidatzeaz gain, Piztu Lezoko kideek lezoar orori luzatu diote proposamenak edota galderak bidaltzeko gonbita. Haiekin harremanetan jartzeko Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialak balia daitezke.