[Galeria] Herritarrak konplize nahi ditu gobernu taldeak, etorkizuneko Errenteria eraikitzeko
Merkatuzarren egindako ekitaldian aurkeztu die gobernu taldeak herritarrei agintaldi plana. Pertsonak erdigunean jartzea ezinbestekotzat jo dute berriz ere, "bizitza duinak" bermatzeko.
Herritarren aurrean aurkeztu du gaur goizean gobernu taldeak 2019-2023 agintaldi plana. Merkatuzar lepo; eragile kultural, sozial, politikoek, kirol elkarteen ordezkariek, pentsiodunen ordezkariek, edota hezkuntza komunitateko kideek ez dute hutsik egin eta lehen eskutik ezagutu dute EH Bilduk eta Errenteria Elkarrekin alderdiek hitzartu duten plana. Publikoaren artean, Otaegiri aginte makila pasa zion Julen Mendoza eta berekin batera udal kudeaketan aritu ziren zinegotzietako asko, Herri Batasuneko alkate izan zen Xabin Olaizola, edota PSE-EEko alkate izan ziren Juan Carlos Merino eta Adrian Lopez. Errenteria-Orereta artikulatzen duen sarearen ordezkaritza zabala izan da gaurko aurkezpenean.
Oholtza gainean, eragile eta herritarrekin aurrez aurre aritu dira Aizpea Otaegi alkatea, Itziar Ostolaza (EH Bildu) eta Jon Collar (Errenteria Elkarrekin). Hiru udal ordezkarien hitzak laguntzeko bideoak eta irudiak ez dira falta izan: aurkezpen txukuna eta zehatza egin dute; detailerik txikiena ere kontuan hartu dute. Bestaldean, hartzaileek adi jarraitu dituzte Otaegi, Ostolaza eta Collaren azalpenak.
Agintaldi planak, anbizio handikoa honakoa ere, zazpi lan ardatz nagusi ditu hezurdura. Hauek zazpi konpromiso edo lan ardatzak: Bizitza duinak, erantzunkidea den komunitatea eta hiri berdinzalea eraikitzen jarraitzea; Prebentzioan eta kohesionatutako komunitate batean oinarritutako hiri segurua eraikitzea; Aro kultural berri bat zabaltzea; ekonomia kreaktiboan eta sozialean oinarritutako garapena; HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratzea; ingurumenaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua egiten jarraituko duen udalerria; eta azkena, gobernantza demokratikoaren ereduan sakonduko duen herria izatea. Horiek egi bihurtzeko berriz, 104 proiektu zehatz, eta horien arteko nagusienen berri ere eman diete Merkatuzarrera bildutakoei.
Bizita duinean da bi alderdien arteko hitzarmenaren lehenengo konpromisoa, Otaegik azaldu duenez, “erantzunkidea eta berdinzalea den komunitate bat eraikitzen jarraitzeko konpromisoarekin batera”. Garrantzitsuena jarri nahi dutela erdigunean esan du alkateak, “herri honetan bizi diren pertsona guztien duintasuna, eta horretarako ezinbestekoa da pertsona guztien oinarrizko bizi baldintzak asetzeko gai izatea, bereziki, bazterketa arriskuari erantzutea, zaurgarrien diren taldeen alde lan egitea”. Herritarren kolektibo ezberdinen ezaugarri eta beharrak ezagutu eta kontuan hartzea dela gakoa hori egin ahal izateko erantzi du Otaegik, eta pertsonen beharrei erreferentzia egin da, pertsonen ongizatea komunitatearen kohesioarekin eta komunitateak barneratzailea izateko duen gaitasunarekin oso lotuta dagoela nabarmendu du.
Honakoak, bizitza duinak lortzeko konpromisoarekin lotutako proiektuak, Otaegik berak, banan bana aletu dituenak: Etxebizitzak eraikitzeko garaian udal aprobetxamendua babes ofizialeko alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko baliatzea; bakarrik bizi nahi ez duten adinekoei begirako etxebizitza eskaintza alternatiboa martxan jartzea; berdintasun politiketan sakontzea, eta batez ere indarkeria matxistari aurre egiteko politikak sustatzea; auzoetan eremu komunitarioak bermatzea, kasu honetan Iztieta-Ondartxo auzoan; edota, zuzentasunean, progresibitatean eta birbanaketan sakonduko duen udal politika fiskal proposamena lantzea.
Bizilagunekin marraztu eta pentsatutako hiria
HAPOa Hiri Antolamendurako Plan Orokorarren gainean hitz egin du Ostozalak eta azaldu pertsonen neurrira eraikitako hiria nahi dutela, “pertsonen bizitoki, adin, ezaugarri eta erabilera anitzak kontuan hartuko dituena”. Horretarako ezinbestekoa iritzi diote tokian tokiko bizilagunekin pentsatutako eta marraztutako hiriari bide ematea. Agintaldi honetan zehar berrituko dute HAPOa, “eta prozesu horrek etorkizuneko hiria, guretzat nahi dugun hiria, elkarrekin birpentsatzeko aukera ezin hobea eskainiko digu”. Pentsatu eta ekin aldi berean egingo dutela eta plan orokorra landu bitartean hainbat hobekuntza egingo dituztela erantsi du Ostolazak, “beti ere, pertsonen bizi kalitatea erdigunean jarrita, irisgarritasuna eta harremanak ahalbidetuko dituzten espazioak lehenetsita”.
Konpromiso horrekin lotutako proiektuetako batzuk, honakoak: Gabierrota etorbidea eta Beraun hobetu; Beraun eta erdialdea Gaztaño auzoarekin elkartuko dituen igogailuak eraikitzea; Ondartxoko Mataderoa berritu eta eremua hobetu; Agustinak eta Kaputxinoetako ikastetxeetako jolastokiak estali; Pontikan aparkalekua eraiki; trafikoa eta Fanderiari lotutako zerbitzu batzuk berrantolatzea.
Kultura agintaldi planaren hezurdura horretan ezinbestekoa den beste arloa, eta horren gainekoak Collarrek azaldu ditu. Lekuona irekitzeak funtsezko papera jokatuko duela esan du, “baina Lekuonaz harago, gure herriak duen Kultura sistema izugarri aberatsa da”. Hala kulturak, herriaren ondarea balioan jartzeko, historiaz jabetzeko edota jasotakoa etengabe birsortuz egun Errenteria dena errepresentatzeko ere balio duela nabarmendu du. Horretarako bai, baina baita bizikidetzarako, eta kohesio eta eraldaketa sozialerako ere tresna gisa aurkeztu du kultura “horregatik zabaltzera goazen aro berri horren gakoetako bat horixe izango da: kultura eta hezkuntza sistema bizikidetzaren eta kohesio eta eraldaketa sozialaren zerbitzura jartzeko dinamikak sortzea”.
Lekuona garrantzitsua izango den zalantzan jarri gabe, ez dela horretara mugatuko dena nabarmendu du, eta besteak beste, Beraungo zentro zibikoa martxan jartzea, Errenteria Musikal Arte Eskola bilakatzea, herri hezitzaile bihurtzeko hezkuntza politika kohesionatuak eraikitzeko herriko hezkuntza komunitateekin elkarlanean aritzea, eta euskararen erabilerarako baldintzak hobetu ulermena unibertsalizatu, Euskaraldiaren dinamikak indartuta eta hizkuntz komunitate ezberdinen arteko enpatiak eraikitzea aipatu ditu proiektuen artean.
Kohesioa eta prebentzioa, segurtasunerako oinarriak
Kohesioaz mintzatu da, bestalde Oategi, kohesionatutako hiri bat seguruagoa izango den zalantzarik ez dutelako: “laugarren konpromisoan, hiri seguru bat izatea lortuko dugu komunitatearen kohesioarekin eta delituen prebentzioarekin”. Bi horiek, kohesioa eta prebentzioa, segurtasunaren oinarrizko bi zutabeak gobernu taldearentzat, eta horri lotutako polizia eredua sustatzea gakoa, “herritarrekiko gertutasunez jardungo duen polizia indartuko dugu”. Horri, ezinbestekoa den Tokiko Segurtasunerako Kontseiluaren lana gehitu dio alkateak.
Proiektuen artean, kale hezitzaileen kontratazioa prebentzioa lantzeko eta udaltzaingoaren salaketa bulego ibiltari izan dena, udal bulego ibiltari gisa egonkortzea, “funtzio eta ikuspegi integralagoa emanez”.
Klima aldaketari aurre egitea gobernu taldearen beste konpromisoetako bat dela esan du Collarrek, eta horren harira, kontsumo eta mugikortasun ereduak aldatzeko premia nabarmendu du, “udal kudeaketa arduratsuagoa eta herritarren konpromisoa eskatzen ditu”. Proiektuen artean, Klima Aldaketaren Kontrako Plana martxan jartzea, iraunkortasun energetikoaren gaineko aholkularitza zerbitzua abiatzea, edo Arramendi balioan jartzea Errenteriaren “birika” gisa.
Ekonomia kreaktiboaren alde egiten jarraitzea seigarren konpromisoa, eta horrekin batera, laneratzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta ekonomia soziala bultzatzeko garaian eragile gako izan nahi duela udalak zehaztu du Ostolazak, “ekonomia, pertsonen zerbitzura jarriz”. Horretarako, besteak beste, tokiko komertzioa sustatzea herriko merkataritza eremuak erakargarri eginez alde zaharreko artisau auzoari bezala izaera propioa emanez; habian Fabrika Kreaktiboari bultzada berria ematea Lanbide Sortzaileen poloa sortuta Agustinak auzoan; kooperatibagintzan oinarritutako enpresa proiektu berriak sustatzea; edota, erosketa publiko arduratsua bultzatzeko klausula sozialak txertatzea kontratatzeko garaian.
Azken konpromisoa, administrazioa eta udalgintza ulertzeko duten moduarekin lotuta dagoela azaldu du Otaegik, eta ildo horretan, konpromiso argia berretsi du alkateak gobernantza demokratikoan sakontzen jarraitzeko. Udal administrazioak, irekia, gertukoa eta gardena izan behar duela horretarako batetik, eta bestetik, berriz, herritarrekin eta eragileekin modu partekatuan sortutakoa izan behar duela, “udalari, horretarako testuinguru eta baldintza egokiak sortzea dagokio”. Administrazio elektronikoa ezartzea, eta hiritar txartela martxan jartzea administrazio ireki, garden eta hurbilekoa lortzeko proiektuetako batzuk; herritarrekin sortutako udalgintzarekin lotuta, berriz, 2020an gobernu taldeak martxan jarriko duen parte hartze prozesua aipatu du, “prozesu horren helburua Hiri antolamendurako Plan Orokorra eta plan estrategikoa berritzea da, eta parte hartzeko kontseiluen eta auzoen dinamikari segida ematea”.
Hitzarmena bai, baina baita gonbita ere
Gaur herritarrei zabaldutako agintaldi plana, haiekiko hitzarmena dela esan du Otegik, baina baita gonbidapen bat ere, “gonbidapen bat orain arte bezala, herri hau elkarrekin marrazten eta eraikitzen jarraitzeko”. Amaitzeko Errenteria herri gisa aitortua izan zenetik 700 urte beteko direla datorren artean ekarri du gogora: “aukera paregabea izango dugu gure historian arakatzeko, giure ibilbidea ezagutzeko, eta gaur garen honetara nola iritsi garen gogoratzeko”.
Urteurrenak ordea zerbaitetarako balio behar badu, gaur egun direnetik abiatuta nor izan nahi duten elkarrekin pentsatzeko behar duela uste du Otaegik, eta horretara deitu ditu herritarrak, “badakigu egiten, badakigu inguruan gertatzen denarekin konprometitzen, lehenago egin dugulako, gai garelako; jarrai dezagun beraz sare indartsu izaten”. Eta Marina Garces Kataluniako filosofoaren hitzak hartu ditu beretzat hain garrantzitsua zuen gaurko saioari amaiera biribila emateko, “herrikideak inguruan gertatzen denarekin konprometitzen direnean, izatez ehun delikatua den hiria sare indartsu bihurtzen dela dio Garcesek; elkarrekin biziz eta ekinez gara herri, eta elkarrekin baino ez gara izango etorkizun”.
Bildutakoen txalo artean amaitu dute agintaldi planaren aurkezpena Otaegik, Ostolazak eta Collarrek.