Inoizko San Tomas jendetsuena espero dute aurten antolatzaileek
Aurtengo berritasuna: zerri baten ordez, bi izango dira, Maddalen eta Jabi Arenaza alaba-aitak. Gaur aurkeztu du batzordeak antolatu duen egitaraua.
33 urte pasa dira Xenpelar AEK san Tomas eguna antolatzen hasi zenetik. 33 urte, edo berdina dena, 33 negu, 33 zerri, 33 pregoi eta kilo ugari txistorra. Gaur aurkeztu du San Tomas batzordeak aurten prestatu duen azoka. Baserritar jantzia soinean, azokaren plaza nagusia izango den Zumardian egin dute aurkezpena, euskaraz eta edalontzi berrerabilgarriak eskutan. Izan ere, hiru horiek ezinbestekotzat jo dituzte Idoia Arbelaitzek antolatzaileen izenean azaldu duen moduan, “baserritar jantzia armairutik atera soinean jantzi eta kalera ateratzera nahi ditugu herritar guztiak datorren larunbatean”. Hori bezain garrantzitsua, dakitenek, euskaraz egitea, “euskaraz aritu, eskatu, hitz egin, eskertu”, barra barra, erruz.
Beste eskaera, edalontzia etxetik ekartzea, berrerabilgarria, “batetik merkeagoa aterako baitzaie erabiltzea, eta bestetik, gure natura maitea zaintzeko ezinbestekoa izango baita, nahikoa plastiko badugu eta inguruan bestela”. beste mezu garrantzitsua azokari begira, “animaliak errespetuz tratatzea”, ezinbestekoa hori ere.
Mezu argia bestalde erasotzaileei, “San Tomas batzordeak ez du onartuko inongo eraso sexistarik gure herrian, ezta arrazistarik ere”.
Xenpelar AEKko “euskaltzale temati kaskagogor haiek” hasitako bideari hainbat taldek heldu diotela azken urteetan nabarmendu du Arbelaitzek gaurko agerraldian, “gogotsu bezain tinko, koordinazioa eta elkarlana baitira gure zutabe nagusiak herrian giro aparta sortzeko”. Urtero bezala, aurtengo San Tomas eguna prestatzen hasi zirela hilabeteak pasa dira eta egitarau zabala eta anitza aurkeztu dute gaur herritar guztiak asetzeko modukoa.
Jaiaren erdigunea, aurten ere, Zumardia. Hala ere txistorra postuak eta egitarauko hainbat ekintza herriko beste hainbat gunetara ere zabaldu dituzte: Herriko Plazara, Agirre Lehendakariaren plazara, Biteri kalera, Xabier Olaskoaga plazara, Foru plazara edo Kapitain Etxeko Jantziaren Zentrora.
Aldaketa nabarmena aurten; protagonista nagusia bat izan beharrean, bi izango dira: Maddalen eta Jabi Areno alaba-aitak. Zergatik bakarra? hala pentsatu zuten eta ideia horretan sakondu entzun zutenean XXI. Mendeko gaitza dela bakardadea. Ez da baina hori arrazoi bakarra, “bi taldea dira, eta elkarrekin aritzeak emaitza ugari dakar, kolektibitatea erakusten du, eta antolaketan atzean ari garenak horretan ari gara elkarlanean, kolektibitatean”.
Aurten ere porrak nahikoa lan emango die bertaratzen direnei zerrien pisu zehatza asmatu eta oparia etxera eraman nahi badute behintzat. Egun osoan izango da aukera apustua egiteko, eta sariduna, berriz, 19:30ean ezagutuko dute, orduan emango baitute pisu zehatza Zumardian.
Larunbatekoa, inoizko azokatik jendetsuena izango dela aurreikusi dute antolatzaileek eta herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte, “festa handi hau elkarrekin gozatzeko”.
Honakoak dira antolaketan aritu diren elkarte eta norbanakoak: Xenpelar AEK euskaltegia, Alaitasuna, Burusoilak, Ereintza, Gaztelan, Doike, Alderdi sozialistako gazteak, Landarbaso abesbatza, Lifestyle, Motor Bike, Oiarso Saskibaloia, Oiartzoko ikasleak, Pikoketa errepublikazaleak, Sputnik, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Elur, Bixigu, Xebe, Jon, Juankar, Alko, Palote eta Errenteriako Udala.
Egitaraua
- 10:00: Azokaren irekiera Zumardian.
- 11:00: Errenteriako Udal Txistulari Taldea Herriko kaleetatik.
- 11:30: Pregoia Zumardian.
- 12:00-14:00: Euskal Jantzien erakusketa – Kapitain Etxea Jantziaren Zentroan.
- 13:00: Bertso saioa Foru Plazan.
- 15:00:Malen eta Ekainen kontzertua Foru Plazan.
- 16:30: Txapel Jaurtiketa Foru Plazan.
- 17:00-20:00: Euskal Jantzien erakusketa Kapitain Etxea Jantziaren Zentroan.
- 17:30: Herri Kirolak Agirre Lehendakaria Plazan.
- 17:30: Errenteria Musikaleko dantzaldia Xabier Olaskoaga Plaza n.
- 18:00: Trikitilariak Herriko kaleetatik .
- 18:30: Jauziak Zumardian.
- 18:30: Deiadar Txaranga San Tomas Lagun tabernetan zehar .
- 19:00: Amulletako Danborrak Herriko kaleetatik .
- 19:30: Sari banaketa Zumardian.
- 22:00: Dantzaldia Laiotz Taldearen eskutik Zumardian.