Etxerat-en bertso saiorako sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai
Zortzi bertsolari eta gai jartzaile bat igoko dira urtarrilaren 5ean, Elorsoro kiroldegiko oholtzara. Hitzak bi sarrera zozkatuko ditu.
Etxerat elkarteak, urtero bezala, bertso saioa antolatu du urtarrilaren 5erako. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian egingo dute, 17:00etan hasita.
Miren Amuriza, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Maialen Lujanbio, Jon Martin eta Julio Soto bertsolariei hainbat ariketa jarriko dizkie Amaia Agirre gai jartzaileak.
Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai, 12 euroan (egunean bertan erosiz gero, 15era igoko da salneurria).
Sarrerak honako tokietan eros daitezke: Kastro Berri eta Miren tabernetan eta kiroldegian bertan.
Oiartzundik kanpo, berriz, beste tokiotan: Landare eta Arkaitza tabernetan (Errenteria-Orereta); Lezoko Tiñelu elkartean; Irungo Kabigorri tabernan; Donostiako Platero eta Herria tabernetan zein Hontza liburudendan; Lesakako Arrano elkartean; Hendaiako Xaia ostatuan; Hernaniko Garinen; Lasarte-Oriako Jalgi tabernan eta Villabonako Iratzar tabernan.
Hitzak bi sarrera zozkatuko ditu bere harpidedunen artean. Zozketan parte har daiteke, webgune honetako txokoan.