700. urteurrena Errenteriaren etorkizuna marrazteko abiapuntu
Errenteriak 700 urte beteko ditu hiribildu gisa eratu zenetik 2020ko apirilaren 5ean, eta efemeride hori merezi moduan ospatzeko lanean ari da udala dagoeneko.
Errenteriak 700 urte beteko ditu hiribildu gisa eratu zenetik 2020ko apirilaren 5ean, eta efemeride hori merezi moduan ospatzeko lanean ari da udala dagoeneko. Oinarri bat argi du, herritarrekin batera ospatu nahi du urteurrena, eta hala egingo du. Gaur egin dute agerraldia urteurrenaren berri emateko, Aizpea Otaegi alkateak, Iñaki Queralt EH Bilduko ordezkariak, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko ordezkariak, Josu Mitxelena EAJko ordezkariak, eta Ion Collar Errenteria Elkarrekineko ordezkariak.
Programa askotarikoa osatu nahi dutela azaldu du Otaegik urteurrenaren harira, eta dagoeneko hasiak dira lanean. Atzerako begirada egiteko baino, aurrera begirada egiteko baliatu nahi dutela ospakizuna erantsi du, “etorkizuneko proiekzioa egiteko. hausnarketa eragin nahi dugu: nondik gatozen, nor garen, eta bereziki, etorkizunean izan nahi dugun horren inguruan”. Urteurrena gainera, indargarri gisa ikusten dutela zehaztu du, “Errenteriako bizilagunek osatzen dugun gutasuna indartzeko aukera gisa, aniztasunaren ezagutza eta aitortzaren bidez”.
Gogoeta harago eraman nahi dute; garaiko erronka handien aurrean Errenteria bezalako herri batek jokatu beharko lukeen paperaren gaineko hausnarketa ere egin nahi dute. Horretarako, lantaldea sortu dute udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien ordezkariekin, hainbat udal teknikarirekin eta alkateak berak osatuta. Lantalde horren balioa nabarmendu du zehazki, Otaegik, “alderdi guztietako ordezkariak ari dira bertan eta bereziki eskertu nahi dut proiektuari emandako babesa, baita urteurrena elkarren artean antolatzeko erakutsi duten prestutasuna ere”.
Talde hori martxan da, baina urteurrenaren ospakizuna “guztion” gauza dela argi du alkateak, “horregatik osatu nahi dugu jarduera programa bizia, irekia eta diziplina anitzekoa”. Egitarua martxorako izango dela prest aurreikusita, hiru multzotan banatuko dutela aurreratu du Otaegik: Nondik gatoz? izango da lehena eta apirila eta ekaina artean gauzatuko dira galdera horri erantzuna emango dioten ekintzak. Orainari keinu egingo diote bigarren multzoko ekintzek, zehazki, Nor gara? galdera erantzungo dute, eta ekaina eta iraila artean gauzatuko dirta: Hirugarren eta azken multzoan, Nora goaz? galderari erantzungo dioten ekintzak bilduko dituzte eta iraila eta abendua bitartean egingo dituzte.
Herritarrekin osatu nahi dute programa, eta hori posible egiteko diru laguntza berezia martxan jarriko duela udalak iragarri du Otaegik gaurko agerraldian, eta eragileek otsailaren erdialdera arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Bestalde, diru laguntza izenduna jasotzen duten elkarteei ere elkarlanean jardun eta proposamenak egiteko gonbita luzatu diete eta horien ekarpenak jada jaso dituztela jakinarazi du, “hitzarmenetarako partida handitu egin dugu horretarako”.
Egitaraua ezinbestekoa da ospakizunerako eta horretan lanean ari dira jada, herriko eragileekin saretuta, baina urteurrenaren marka irudia ere sortu dute; berezia eta bakarra Errenteriaren 700 urteurrenerako sortua delako. Marka irudiak armarria hartu du aintzat baina gaurkotze lana egin dutela zehaztu du, “sinplifikazio lan bat egin dugu, Errenteriaren irudia grafikoki ere etorkizunera begira jarri nahi izan dugulako”. Berezia eta bakarra da urteurrenari begira sortua delako, baina baita baita kolore bakarra duelako, Errenteria urdina. Iztieta auzoko Diputazio plazan dagoen Iztieta margo dendak sortutakoa da, berariaz egiten den nahasketaren emaitza da eta hiri paisaiaren ezinbesteko parte da, farolak, barandek, semaforoek eta piboteek kolore hori dutelako. Kolore bakarra agerian, Errenteria urdina, baina hamaika nahasita horren barruan, udalerria bera bezala.
Gaurko agerraldian urteurrenaren egitarauaren osaketan parte hartzera deitu dituzte elkarte eta eragile guztiak, “ospakizun bizia, irekia eta askotarikoa osatzeko”.