Bizi osorako zigorrak bertan behera uzteko eskatu dute
Hamarnaka lagun bildu ziren atzo Sarek deituta Herriko Plazara bizi osorako zigorrak eta urrunketa bertan behera uztea eskatzeko.
30 urte bete ditu espetxeratuta Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri preso oreretarrak. Puerto III espetxean (Cadiz, Andaluzia, Espainia) aurkitzen da egun Goierri —etxetik 1.050 kilometrora— eta atzo hamarnaka lagun bildu ziren Sarek deituta Herriko Plazara bizi osorako zigorrak eta urrunketa bertan behera uztea eskatzeko.
14 urteko espetxealdia bete ostean atera zen aske Goierri 2000 urtean eta 2002ko abenduan atxilotu zuten berriro eta espetxeratu. Bi kartzelaldien artean 30 urte bete ditu oreretarrak espetxeraturik.Lehenengo graduan sailkatuta dago Goierri eta bere senide eta lagunek istripua izan zuten aurtengo urtarrilean Puerto III espetxera bidean zihoazela; 2014ko uztailean preso oreretarraren hiru lagunek ere istripua izan zuten Puerto III espetxean bisita egin ostean etxera bueltan zetozela.